Irabien auzoko jaiek badute egitaraua jada. Bilera irekia antolatu zuen udalak duela zenbait aste, programazioa adosteko; eta ekintza mordoa prestatu dituzte modu horretan.
Hala, urriaren 14tik 16ra iraungo dute auzoko festek, ostiraletik igandera hain zuzen. Barikuan 19:00etan ekingo diote odoloste janari, eta 20:30ean umeentzako gaubela eskainiko du Okondo Begira ekimenak. 21:00etan, aldiz, mus txapelketa jokatuko dute. "Izen-emateak 20€ balio ditu, eta Batzokian egin beharko da", erantsi dute.
Paella, patata tortila eta marmitako txapelketak egongo dira, besteak beste, Irabiengo jaietan. Horrez gain, mozorro lehiaketa eta karta joko ugari ere antolatu dituzte
Larunbatean pilatuko dira jarduera gehienak. Gastronomia lehiaketarekin abiatuko dute eguna: paella kozinatu beharko dute okondoarrek oraingoan, "ogia eta arroza eskainiko da". 12:30ean meza eta luntxa izango dira osagai nagusi, eta 13:00etan 'Florentxu eta bere lagunak' oholtzaratuko dira. 14:00etan ekingo diote paella janari, baina 13:30ean etxeko postreen erakusketa atonduko dute festa eremuan. 17:00etan, berriz, bingoarekin girotuko dute bazkalondoa. Arratsaldean, ordea, altxorraren bila jolasa antolatuko du Guraso Elkarteak (18:00etan). Ordu berean hasiko da tute txapelketa ere. Okondoko jaietan bezala, mozorro txapelketak hartuko du protagonismoa gauean; hots, 21:00etan. Azkenik, DJ bat ariko da musika jartzen, aurreratu dutenez.
Igandea mendira bidean zukutuko dute, 9:00etan Ganekogortaraino ibilaldia eginda. 11:30ean, baina, patata tortila eta marmitako txapelketak egongo dira, eta arratsaldean briska zein igel jaurtiketarenak. Modu horretan, 19:00etan bukatuko dituzte Irabiengo jaiak, zozketarekin.
"Ekitaldi gastronomikoetan parte hartzeko eta jateko izena eman behar da Batzokian edo udaletxean, urriaren 11 baino lehen", nabarmendu dute. Hemen ikusi daiteke egitarau osoa: