Hiru jai egun antolatu dituzte Okondoko sanromanak ospatzeko. Bola, mahai-futbol, mus eta briska txapelketek nagusitasun handia izango dute egitarauan zehar, musika emanaldiei eta janariari tokirik kendu gabe. Ohiko abarka jaurtiketa eta afari herrikoia ere egingo dituzte San Roman egunean.
Abuztuaren 5ean, larunbatean, egun osoan zehar egingo dituzte bola txapelketak. Goizean bi orduz arituko dira, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean hiru orduz, 17:00etatik 20:00etara. Igandean eta astelehenean atseden hartu ostean, asteartean berriz ekingo diote jai egitarauari bola-jokoarekin. Hiru orduko saioa egingo dute orduan ere, 17:00etatik 20:00etara. Tartean, Goyo Magoak ‘Txirriski Mirriski’ emanaldia egingo du eta 20:00etan trikitiaz girotutako poteoak eta odoloste-janak alaituko dituzte okondoarrak.
Gauean musikak dantzaraziko du San Roman: 22:00etan mariatxien txanda izango da eta 23:00etan disko jaiak hartuko die lekukoa. Nolanahi ere, kontzertuak ez dira izango gau horretan programatuko duten ekintza bakarra. Izan ere, 23:00etan mus txapelketa egingo dute auzokideek.
San Roman eguna
Abuztuaren 9a da San Roman eguna eta, halabeharrez, auzoko jaietako egun handia. Eguerdian egingo dute santuaren ohiko ohorezko meza eta jarraian pintxoak eta ‘Florentxu y sus muchachos’ taldearen erromeria.
Hurrengo jarduerak 13:00etako mahai-futbol txapelketa eta 17:30eko briska lehiaketa izango dira. Jarraian haurren txanda helduko da, 18:30ean umeen parkea zabalduko baitute, eta segituan edozein jaitan topatu ezin daitekeen jardueraren txanda helduko da, alpargata jaurtiketarena, hain zuzen. Larunbatean egingo dute tradizio bihurtu duten ekintza bitxia, 20:00etan.
Edozelan ere, herri afaria izango da egun handiko ekimenik jendetsuena. Ohiturari jarraiki, larunbatean 21:30ean elkartuko dira auzokideak elkarrekin afaltzeko. Sabela beteta, dantzatzeko eta parranda egiteko beta izango dute, gauerditik aurrera disko jaia iragarri baitute, baita guztientzako txokolate-jana ere, inor gosez geratu ez dadin.