Nola hartu zenuen albistea?
Sorpresa handiz, egia esan. Eneritzek, jaietako zinegotziak, deitu zidan esateko aurtengo pregoilari izateko aukeratua izan nintzela eta nik ez nekien ezer, ezta hautaketa prozesurik zegoenik ere! Azaldu zidan izen batzuk zeudela proposatuta eta bozketan ni atera nintzela.
Zer sentitu zenuen une hartan?
Heldu berria naiz, 13 urte daramatzat herri honetan, eta ez dakit zer egin dudan pregoilari izateko... Pentsatzen dut badela makina bat jende, elkarte eta lagun pregoilari izan daitezkeenak hainbat arrazoirengatik, izan sortzaileak direlako, izan herrian hainbat aktibitatetan parte hartzen dutelako, izan jai ezberdinak antolatzen parte oso aktiboa direlako... Ez dakit baten batek txantxan proposatu ote ninduen eta beste batzuei ideia ona iruditu zaien (barrez)!
Zer argudio eman dizkizute zu hautatua izateko?
Hori bera galdetu nion nik Eneritzi. “Nik zer egin dut herrian?” galdetu nion, eta berak, “zu prest zaude beti behar dugunean, jaietan speaker lanak egiteko...”. Bai, ni prest nago, baina egia esango dizut, nik egiten dut nolabait euskararen presentzia ziurtatzeko horrelako kontuetan. Iruditzen zait askotan beste batzuk egiten dutenean erdarara jotzen dutela, ez dutelako hainbeste erraztasunik edo dena delakoagatik. Urte hauetan saiatu naiz beti herriko ekitaldietan aurkezle lanak egiten, baina, ideia horrekin, jaietan euskararen presentzia ziurtatzeko, gutxieneko bat bada ere. Berak hori esan zidanean tontakeria bat iruditu zitzaidan, badago jende bat urte osoan zehar dagoena hor elkarte batzuetan hainbat konturekin, jubilatuekin, umeekin, dantzak direla, jaiak antolatzen, mendi taldea...
“Uste dut elkarteetan eta borondatez herrian hainbat gauza egiten ari direnei eskerrak eman behar dizkiedala”
Zein da euskararen presentzia herrian eta jaietan?
Gure herrian euskararen presentzia oso txikia da. Umeentzako kontuak egiten direnean, hor bai, hor saiatzen dira gutxienez gauzak euskaraz antolatzen eta urtean zehar badira gauzak euskaraz. Baina, askotan, jaietan ez bada baten bat horren gainean egoten eta horren jarraipena egiten, euskaldunok pixka bat minduta sentitzen gara gauza guzti hauekin, euskarak ez daukalako apenas edo inolako presentziarik. Horregatik diot euskaldunak saiatu behar garela gure esku dagoenean eragiten euskarak gure herrian gutxieneko presentzia bat izan dezan.
Zuretzako zein da jaietako ekintzarik bereziena?
Goizean txapelketa gastronomikoak izaten dira eta azken urteetan beti egon naiz aurkezpenak egiten, horregatik horiek dira niretzako ekintzarik aktiboenak. Gero, beste bat mus txapelketa da, ez dakit ohituragatik edo beti nagoelako antolakuntzan laguntzen. Txapelketan parte hartu ahal badut, primeran, baina hori zailago izaten dut normalean.
Imajinatzen dut aurtengo jaiak bereziak izango direla zuretzat.
Oso bereziak, benetan! Orain bai, derrigorrez egon behar dut ekintza guztietan (barrez). Eneritzi galdetu nion zein den pregoilari baten lana jaietan eta esan zidan zenbaketaren batean egon beharko dudala, sariak banatu... Horrelako gauzak, baina, seguru hortik egongo naizela, beraz, ez zait gehiegi kostatuko.
Idatzita duzu irakurriko duzun pregoia?
Ez dut idatzita, baina bai pentsatu dut zer esan nahi dudan; nire buruari galdetu diot ea zer esango diodan nik Okondoko herritarrei. Hasieran aipatu dudana azpimarratu nahiko nuke.
Batetik, uste dut elkarteetan eta borondatez herrian hainbat gauza egiten ari direnei eskerrak eman behar dizkiedala, haiek egiten duten lana oso garrantzitsua baita denon arteko bizikidetza hobetzeko bidean. Horrelako mezu bat heltzea nahiko nuke.
Bestetik, beste herri batzuetan bezala eta gaur egun gero eta gehiago, Okondora jende asko joan gara beste leku batzuetatik, izan Hego Amerikatik, izan Saharatik, izan Europa iparraldetik edo Euskal Herriko beste herri batzuetatik; bertara heldu gara lanagatik eta arrazoi desberdinengatik. Momentu honetan, bertan jaio ez garen eta herrian sustrairik ez dugun pertsonen multzo bat gaude, kanpotik etorri garenak.
Denontzako oso aberasgarria eta interesgarria da horiei guztiei ere aukera ematea halako ekimenetan parte hartzeko, bai jaietan eta bai antolatzen diren beste ekimen batzuetan ere. Iruditzen zait norberak bere ekarpena egiteak aberastu egiten gaituela. Batzuetan modu ezberdinak ditugu gauza horiek ikusteko, baina, uste dut denontzako aukera ona dela aberastasun horretaz baliatzea.
Eta, azkenik, gureak, propioak diren jaiak izan daitezen, denok egin dezagun ekarpena. Gutxi gorabehera hortik joango da diskurtsoa: bizikidetza, kultura, eta ekimenetan parte hartzen dutenei eskerrak ematea.