Ohi bezala, Adinekoen Egunarekin emango diote hasiera egitarauari. Izalde abesbatzaren kontzertua, herri bazkaria, Baizala taldearen dantza-erakustaldia eta musika izango dira abuztuaren 20an herriko nagusientzako prestatu dituzten jarduera nabarmenenak. Hurrengo egunean haurrek eta gazteek hartuko dute nagusitasuna: umeen bolo-jaurtiketa, zortziko futbol txapelketa eta patxanga, kuadrillen arteko txapelketaren hasiera, bingoa, karaokea eta musika izango dituzte jaien egun handiaren bezperan.
Abuztuaren 23a izango da txupinazo eguna, asteazkena. Txupinazoaren aurretik, paella-lehiaketa eta bolo-jaurtiketa egingo dituzte, 13:00etan jaien eztanda handirako gorputzak-berotzeko. Xabier Ugalde Gulias arduratuko da aurten jaiei hasiera emango dien pregoia irakurtzeaz. Hortik aurrera, jaiak ez du etenik izango gaueko ordu txikietara arte: briska-txapelketa, bolo-jaurtiketa, kuadrillen arteko herri-kirolak, Trapu Zaharra konpainiaren "¡Dale Ramón!" umorezko antzerkia, La Polacaren ikuskizuna eta Asier Burguete musika jartzaileak egongo dira bata bestearen atzetik.
San Bartolome eguna
Biharamunean goizean-goiz berrekingo diete jaiei, 11:00etan landare txapelketarekin. Segituan haurrentzako jolasak eta aurpegia margotzeko txokoa jarriko dituzte eta eguerdian aquagym saioa egingo dute igerilekuan. Jarraian, San Bartolomeren omenezko meza egingo dute Itzalde abesbatzak lagunduta, San Bartolome eguna baita abuztuaren 24a, eta 13:00etatik aurrera musikak eta janak berreskuratuko dute protagonismoa. Ordu horretan trikitilariak eta buruhandiak aterako dira herritik eta 13:30ean txoripanak banatuko dituzte.
Bazkalostean futbito txapelketaren finala eta tute txapelketa egingo dituzte eta 18:00etan haurrentzako jolasak eta molto motor lasterketa izango dira. 19:30ean kale antzerkiaren ordua iritsiko da. Arabako Plazetan izeneko kale arteen zirkuituaren baitan, Barsanti konpainiak "Legea gu gara" antzezlana eskainiko du. Afaltzeko Eusko Labeldun odolosteak eta hanburgesak banatuko dituzte eta gauean Luhartz erromeriak eta Flana Djak izango dute herria dantzarazteko ardura.
Azken txanpa
Abuztuaren 25a izango da jaietako azken eguna, ostirala. Tortilla txapelketarekin abiatuko dute eguna eta goizean zehar haurrek parkea eta zezen mekanikoa izango dituzte jolasteko. Egun horretako meza hildakoen omenez izango da, 12:30ean.
Bazkalostean, igel-toka, mus txapelketa, puzgarriak, apar-festa eta plater tiroketa izango dira eta iluntzean dantzatzeko musika, mozorro lehiaketa eta kuadrillen arteko txapelketaren sari banaketa izango dira nagusi. 23:00etatik aurrera DJ Markelinek hartuko du lekukoa eta bera arduratuko da jaiei amaiera emango dien musika jartzeaz. Aurten ere, txapela jaurtiketa egingo dute atsedenaldian, eta horrekin agurtuko dituzte jaiak hurrengo urtera arte.