SOSLAIA

Andres Alcalde hil da: Manolo Escobar eta Rocio Juradoren managerra eta Okondoko alkate ohia

Aitor Aspuru Saez 2024ko ots. 22a, 15:45
Andres Alcalde absoluzio epaiarekin. / Aiaraldea.eus

Andres Alcalde espezie bitxia izan zen Okondon eta politikan. 17 urtez izan zuen alkatetza herrian, harik eta dimititu behar izan zuen arte. Polemikak-polemika, pertsonaia aski ezohikoa izan zen: artisten managerra, boxeolarien laguna eta Poliedro diskotekaren arduraduna.

Otsailaren 2an zendu zen Andres Alcalde. Geroztik, Aiaraldea Komunikabidea saiatu da zenbait herritarrekin harremanetan jartzen bere bizitza islatzeko testu batean, eta ez da lan erraza izan. Bazeuden Alcalde maite zutenak eta baita gorroto zutenak ere, baina gehienek erabaki dute isiltzea bere heriotzarekin. Filia eta fobia horiek azaltzeko, bere ibilbide politikoari erreparatu behar zaio, baina Alcalde Okondoko udal burua baino askoz gehiago izan zen.

Poliedro diskoteka, xarma Okondon

1971n Poliedro diskoteka ireki zuen Alcaldek eta puntako artistak eraman zituen bertara: Massielek abestu zuen inaugurazioan eta gero oholtzara igo ziren Alberto Cortez abeslari eta olerkari argentinarra, Los 3 Sudamericanos Paraguayko taldea (urrezko hainbat diskoren irabazleak), Salomé (1969an berak ere irabazi zuen Eurovision Vivo cantando abestiarekin, baina beste hiru artistekin partekatu zuen saria) edota Maria Jesús y su acordeón (Los pajaritos abestiagatik ezaguna). Gabi, Fofo, Miliki eta Fofito pailazoek ere ikuskizuna eskaini zuten han eta jendetza erakarri zuten, ez soilik eskualdekoa, baita Bilbokoa ere.

Gainera, espazioak balio izan zuen nazioarteko boxeolariak Okondora eramateko: Joe Frazier munduko txapelduna (Muhammad Ali handia izan zuena aurkari) eta, bestetik, Benito Canal. Canalek entrenatu zuen Urtainen kontra indarrak neurtzeko, Espainiako Txapelketa jokoan zegoelarik.

Managerra

Edonola ere, Poliedro txiki geratu zitzaion Alcalderi eta artista espainiar izugarri ezagunen managerra bilakatu zen. Manolo Escobarrekin biran joan zen 1975an eta berak antolatu zizkion kontzertuak. Rocio Jurado ere, antza, bere bezeroa izan zen.

Poliedro diskoteka txiki geratu zitzaion Alcalderi eta artista espainiar izugarri ezagunen managerra bilakatu zen.

Politikara

Horraino, Alcalderen ibilbideak ez zuen berebiziko polemikarik sortu, baina 1991ean EAren zerrendaburua izan zen udal hauteskundeetan eta hemen hasiko zen kondaira ez horren positiboa sortzen.

Izan ere, Andresek ez zuen lortu alkategai bozkatuena izatea eta, gainera, garaipena bere anaiari egokitu zitzaion, Angel Alcalde jeltzaleari. Bien arteko tentsioa gora joan zen udalbatzetan. Bilkura horietako batean, zeinean Andres protestan ari zen, alkateak Ertzaintzari deitu eta udaletxetik kanporatu zuten.

Une horretan Pedro Luis Unzaga (HBko zinegotzia) hasi zen pentsatzen agian ideia ona izan ahal zela zentsura mozioa aurkeztea eta horrela egin zuten EAk, HBk eta PPk. "EAJk hainbat urtez gobernatu zuen eta kontuak ez zeuden eguneratuta, zerbait egin behar genuen", adierazi du Unzagak une horretaz galdetuta.

Berez, Pedro Luis Unzaga izan da publikoki hitz egiten animatu den herritar bakarra eta hitz onak izan ditu Alcalderi buruz: "Ez zen politikaria. Politikari buruz ez zekien gauza handirik eta maiz niri galdetzen zidan. Ordea, gauzak egitea eta kudeatzea gogoko zuen eta ausarta zen. Nik askotan babestu nuen, baina PPko zinegotzia ere, arrazoia baldin bazuen. Herri txiki guztietan Andres Alcalde bat beharrezkoa da. Poliedro diskotekarekin mugimendu handia ekarri zuen Okondora eta hori gabe, herriak hiltzen dira. Herria asko mugitu zuen. Bere mesederako gauzak egin zituela ere? Ez dut ezetz esango, baina egindako gauza onekin geratzen naiz ni".

Dena den, behin alkatetza lortuta, Alcaldek tokiko hauteskunde guztiak irabazi zituen eta 2009ra arte izan zen alkate. 

"Herria asko mugitu zuen. Bere mesederako gauzak egin zituela ere? Ez dut ezetz esango, baina egindako gauza onekin geratzen naiz ni"

Salaketa, dimisioa, erasoak, absoluzioa

2009an Andres Alcalde eta udal arkitektoak salatu zituzten soka luzea ekarriko zuen kasu baten harira. Hain zuzen, Alcaldek zenbait lursail saldu zituen eta gero horietan etxebizitzak eraiki zituzten, nahiz eta etxolak baino ez zeuden baimenduta.

EAk berak behartu zuen Alcalde dimisioa aurkeztera. Sergio Tato Egurenek hartu zuen alkatetzako makila eta okerrena heltzear zegoen. Izan ere, Okondon hamaika eraso eta sabotaje gertatu ziren: Alcalderen etxearen eta enpresen kontra, EAko beste zinegotzi eta ordezkarien aurka, baimenik gabe egindako etxebizitza horien kontra, igerilekuetako tabernan...

Azkenean, 2015ean okondoar batek bederatzi urteko espetxe zigorra jaso zuen eraso horiengatik.

Hori bai, Andres Alcalderen epaiketaren emaitza ez zen argitaratu 2019ra arte eta absolbitu egin zuten. Hain zuzen, epaileek azaldu zuten Alcaldek ez zuela inoren mesederako kudeaketarik egin, nahiz eta lursailak saldu zituen enpresaren jabeetako bat izan. Epaileen aburuz, ez zuen interes berezirik baimenetan, berak aurretik burutu baitzituen ondareen salmentak. Horrez gain, baimenek arkitektoaren oniritzia zuten.

Epaiarekin batera egin zuen Alcaldek bere azken agerraldi publikoa, Okondoko herrigunean zuen etxean Aiaraldea Komunikabideari adierazpenak emanda.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide