Okondok Baserri Azokaren XXV. edizioa izango du bihar herrigunean. 10:00etan egongo dira prest ekoizleen erakusmahaiak, baina hori, elementu nagusia izanda ere, ez da bakarra izango. Izan ere, errementaritza erakustaldia eta UAGAk sortutako emakume abeltzainei buruzko erakusketa ere egongo dira.
Horrez gain, 11:30ean AiarAndreen Taupadak batukada (eskualdeko hainbat emakumek osatutakoa) sortuko du burrunba ordubetez. Aldi berean, umeentzako egurrezko jokoak egongo dira azoka amaitu arte eta 12:00etan haurrentzako tailerrak abiatuko dituzte.
Ordu berean, eguerdian, Iratxo Kultur Elkarteak euskal dantzen alardea eskainiko du. 13:30ean, aldiz, herri kirolen txanda helduko da: harrijasotzaileak, orgajasotzaileak, laztojasotzaileak, ingudejasotzaileak eta trontzalariak egongo dira, emakumezkoak zein gizonezkoak.
Gogoratu beharra dago pandemiaren ondorioz hiru urtez eten zela Okondoko Baserri Azoka eta berreskuratu zuten urtean atzeratu behar izan zutela, sute batean hiru okondoar zendu eta gero.