Arabako Herriak webguneak lurralde historikoan turismoa bultzatzea du helburu eta aste honetatik aurrera udalerri berria dauka bere eskaintzan, Okondo batu baita egitasmora.
Inma Roiz idazle okondoarra, hain zuzen, egon da edukien ekoizpenaren atzean eta ohiko eredua jarraitu dute horretarako. Hau da, Okondoko ezinbesteko hamar toki, ohitura edota informazio jaso dituzte, bisitariek gehiago jakin dezaten herriari eta bere izaerari buruz.
Okondoren kasuan, Okondogoienari, egurrari, bola jokoari, igerilekuei (eskualdeko lehenengoetakoak izan ziren), txakolinari edota zalditegiei buruzko datuak bildu dituzte. Halaber, Yose Paulo Ulibarri ekarri dute gogora. XIX. mendean jaiotako okondoarra albaitaria zen, baina Euskaltzaindiaren bultzatzaileen artean egoteagatik da ezagunagoa.
Emakumeen lekukotzak
Proiektuaren beste zutabeetako bat da emakumeen oroimena eta transmisioa lantzea eta horretarako herriko bi emakume hautatu dituzte: Primis eta Libe Alday. Zuhatzan jaioak, ahizpek 90 urte baino gehiago dituzte eta Okondora joan ziren bizitzera umeak zirela. Egun oso erraza da ikustea herritik paseatzen eta jende ororekin gelditzen dira hitz egitera, famatuak baitira udalerrian.
Inma Roizek euren bizipenen berri eman du Amamengandik bilobengana atalean, familia izugarri handia sortu baitzuten.
Azkenik, ondare naturala ere jorratu du Roizek, Xabi Ramos herriko argazkilariaren laguntzarekin.