Ander Urquiza hamabost urteko gazteak garaipena lortu zuen atzo Bizkaiko Tenis Txapelketan. Berez, okondoarraren kategoria kadetea da, baina 17 eta 18 urtekoen artean gailendu da.
Horrez gain, kadeteen txapelketan ere lehiatzen ari da eta final laurdenetan dago jadanik.
Martxoa hilabete bizia izaten ari da Urquizarentzat, Euskadiko Talde Txapelketan bigarren sailkatu baitzen bere taldearekin, Plentzia Tenis Klubarekin.
Ibilbide luzea, gaztea izan arren
Urquizaren eskarmentua zabala da tenisean. Izan ere, bost urterekin hasi zen jokatzen Laudioko klubean eta zortzi urterekin lehiaketetan parte hartzen zuen dagoeneko.
Horrela, 2021ean Arabako txapelduna izan zen, eta horri esker Espainiako Txapelketan aritu zen.
Bizitza osoan Laudion entrenatu eta gero, irailean Plentziako klubarekin egin zuen federazio fitxa eta horregatik lehiatzen da Bizkaian orain.