Okondoko etxebizitzetan suteak detektatu eta itzaltzeko gailuak doan lagatzeko kanpaina abiatu du Udalak. Udalerrian erroldatutako 65 urtetik gorako bizilagunek izango dute kanpainan parte hartzeko aukera, baita gizarte-kalteberatasun egoeran dauden herritarrek ere. Honezkero zabalik dago gailua eskatzeko epea. Interesdunek Okondoko udaletxean jaso eta entregatu dezakete eskabide-orria, edo Udalaren webgunetik deskargatu.
Gailua doan lagatuko du tokiko administrazioak. Zerbitzua baliatzen duten herritarrek hilabeteko mantentze-kostua ordaindu beharko dute bigarren urtetik aurrera (13,30 €/ hileko, BEZa barne). Udalak bere gain hartuko du mantentze-kostuaren ordainketa lehenengo urtean. "Prebentzioak bizitzak salbatzen ditu, eta Udaletik beste pauso bat eman nahi izan dugu gehien behar duten pertsonak babesteko. Gailu hori erraza eta eraginkorra da, eta une kritiko batean diferentzia marka dezake. Ez dago inbertsio hoberik gure bizilagunak zaintzeko erabiltzen dena baino", azpimarratu du Jon Escuza Okondoko alkateak.
Sua, sistema aitzindaria
Mundo Pua enpresak ekoiztutako Sua sistemako gailuak dira Udalak lagatuko dituenak. 2024ko urtarrilean erakustaldi publiko batekin aurkeztu zuten sistema Okondon. Julian Iantzi telebista aurkezle ezagunak gidatu zuen ekitaldi hori.
Etxeko sukaldeetan pizten diren suak itzaltzeko diseinatutako prebentzio sistema aitzindaria da honakoa. Adimen artifizialaz baliatuta, sua detektatu eta automatikoki itzaltzen du. Horrez gain, sistemak automatikoki bidaltzen die abisua larrialdi-zerbitzuei.
Suteen prebentziorako plana
Sua sistema aurkeztearekin batera, Okondoko Udalak lau urteko laguntza progresiboen plana jarri zuen abian iaz, udalerriko "ahalik eta etxebizitza gehienetan segurtasunez bizitzeko". Hain zuzen ere, 2022an sute batek hiru okondoar hil ostean osatu zuten suteen prebentziorako plan berria. "Ez dugu ahazten 2022an adineko hiru bizilagun hil ziren sutean gertatutakoa. Tragedia horrek herri gisa markatu gintuen, eta erabakitasunez jokatzera bultzatu gintuen, horrelakorik berriro gerta ez dadin", gogoratu du Escuzak.