Noiz sortu zen mozorro lehiaketa?
Ez dakit noiz hasi zen, baina nire lehen oroimena 1974koa da. Argazkiren bat izango dut, ze sariren bat banatu nuen.
Gero gora egin du lehiaketak, mozorroek kalitate hobea daukate urtero eta batzutan jaietako ekitaldirik jendetsuena izan da.
Lehiaketak bilakaera izan du orduan? Izan ere, Frankismoaren garaian hasi zen.
Lehiaketa honek oso gutxitan izan du parte hartze aldarrikatzailea. Dibertimendu hutsa da. Bilakaera izan da geroz eta landuagoak direla mozorroak. Ikuskizunak dira, istorio laburrak sekulako jantziekin, musikarekin, koreografiekin...
"Lehen mozorroak baldarragoak ziren, orain kalitate handikoak dira eta musika eta koreografia ere badago"
Horrela zen lehen ere?
Ez, baldarragoak ziren. Gogoratzen dut jendea astoekin ateratzen plazara, ijitoz mozorrotuta, adibidez.
Noiz sumatu zenuen bilakaera?
Duela urte nahiko, baina duela zortzi edo hamar urte, sekulakoa izan da.
Aiaraldeko jende askok ez du ezagutuko lehiaketa hau, nola animatuko zenituzke parte hartzera?
Oso ikusgarria da, oso herrikoia, baina ikuskizunak oso onak dira.

Nola antolatzen duzue?
Ez dugu antolatzen! Jaietako kartelean jakinarazten da ordua eta nahikoa da horrekin. Ez dakigu ezta zeintzuk diren sariak.
Azken bi urteetan nik ez dut aurkeztu, baina pentsa ezazu, hainbat aldiz ordu erdi lehenago galdetu didate ea nik aurkeztuko nituen. Nik beti parte hartzen dut jaian eta eskatzen badidate, egiten dut.
Ez dago antolatzeko beharrik, jendeak egiten du. Udalak prestatzen ditu sariak. Nire ustez, sariak beti dira txikiak, jendeak dirua gastatzen baitu mozorroetan, inplikazio handia dago eta. Dena den, aurrekontua dagoena da.
Gainera, Udalak oparitxo bat egiten die parte-hartzaile guztiei, eta batzutan asko dira.
Zer ematen dio lehiaketak Okondoko jaiei?
Dibertimendua, funtsean. Parte hartzen dutenentzat polita da familia edo kuadrillarekin prestatzea ikuskizuna eta jendearen aurrean erakustea.
"Batzuek bi hilabete eman dituzte lehiaketa prestatzen"
Zenbat jendek parte hartu du lehiaketan urte hauetan guztietan?
Ezin dizut zehaztu, asko izan dira. Batzutan 90 lagunek parte hartu dute.
Emakumeek beti parte hartu dute?
Bai, eta asko, gainera. Kuadrillaka edo bakarrik. Bi modu daude eta, egia esanda, gero eta bakarko parte-hartzaile gutxiago daude. Hasieran gehiago zeuden, umeak gehienbat. Orain talde handiak dira.

Prestaketa oso luzeak dira?
Bai, esaterako, koreografiak prestatu behar dituzte. Nik dakidanez bi hilabete eman dituzte batzuek prestatzen.
Eta epaimahaia nola osatzen duzue?
Musikariak dira. Laguntzen gaituzte soinuarekin eta eurak bilakatzen ditugu epaimahai. Kanpokoak dira eta, hortaz, errazagoa da. Inkesta txiki bat ematen diegu eta bozkatzen dute.
Parte-hartzaile guztiek merezi dute saria, lan oso onak egiten dituztelako. Oso zaila da sariak erabakitzea, baina jendea oso kirolzalea da eta ondo hartzen dituzte emaitzak.
Ba al dago talderen bat oroitzen duzuna bereziki?
Bai. Duela urte batzuk igeriketa artistikoko ikuskizun bikaina egin zuten. Pieza bat jarri zuten aurrean, igerilekua izango balitz bezala, eta neska batzuek sekulako ikuskizuna egin zuten.
Ikuskizun oso onak egin dituzte urtero: Egiptoko piramideak, txokolatezko etxetxoa, estralurtarrak... Irudimen izugarria erakusten dute.

"Mozorroaren kultura sortu da Okondon"
Saria ez bada apartekoa, zergatik parte hartzen du jendeak?
Oso ondo pasatzen dutelako. Lehiaketa ez da aldarrikatzailea ez ezer, dibertimendua da soilik eta jende asko bertaratzen da ikusteko. Aspaldi egiten da eta mozorroaren kultura sortu da.
Ni beste herri batzuetan egon naiz eta mozorroak ez dira kalitate berekoak, inondik inora, nahiz eta Okondo txikia izan.
Zerbait aipatu nahiko zenuke tintontzian geratu dena?
Bada garaia gazteek lekukoa hartzeko. Nik aurkezle lanak egin nituen azken aldian, duela bi urte, gogoratu nituen Mertxe eta Txarito Pombo.
Bi ahizpak beti mozorrotzen ziren eta asko animatzen zuten. Txarito jadanik ez dago, baina nik uste dut egindakoak kutsua utzi duela.
Adibidez, oroitzen dut Asterix eta Obelix izan zirela jai batzuetan. Txarito txikiagoa zen eta aparta zen. Oso barregarriak ziren eta, nahiz eta ez lehiatu, kalera ateratzen ziren giroa sortzera eta animatzera.
