Beste behin lortu du Ander Urquizak teniserako duen bertutea erakustea. Oraingoan, estatuko Champions Cup zirkuituaren baitan, Getxoko torneoa irabazi berri du, kadete kategorian.
Lehen partiduak ekainaren 21ean izan baziren ere, igande honetan lortu zuen garaipena Plentzia Tenis Klubeko eta Valentziako Elianiers taldeko jokalariak. Donostiako Pinter akademiako Marcos Aramayoren aurka jokatu zuen finala Urquizak eta 6-2 eta 6-1 irabazita eraman zuen garaikurra Okondora.
Handitzen eta handitzen doan palmaresa
Ez dira gutxi azkenaldian tenis-jokalari gazteak pilatu dituen lorpenak. Maiatza amaieran, Martiartu Openaren lehen edizioa irabazi zuen kadete kategorian; Euskadiko Txapelketaren txapeldunorde geratu zen ostean, Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera ere izan zuen, eta bera izan zen Euskadiko ordezkarien artean garaipenak lortu zituen bakarra.