Noiz sortu zen zuen kuadrilla eta zergatik? Nortzuk osatzen duzue?
Ezer baino lehen esatea gurea ez dela kuadrilla ofiziala, hots, azken bi urte hauetan ez dugu kuadrilla moduan izenik eman, nahiz eta herriko jaietan parte hartzen dugun. Duela lau bat urte lagun arteko elkarrizketan agertu zen gaia eta zer edo zer apartekoa egiteko kontuarekin kuadrilla bat egitea erabaki genuen. Horrela, bada 8-10 laguneko kuadrilla, osatzea erabaki genuen, gehienak jubilatuak.
Nondik dator kuadrillaren izena?
Izena gure izaerarekin zer ikusia dauka. Beti gabiltzanez hainbat egoeraren eta gertaeraren aurrean gure iritziak era sutsuan agertzen, apur bat ipurterreak gara, eta adinarekin areagotzen da hori. Hori adierazi nahi izan dugu.
Pankartarik egingo duzue aurten? Nolakoa izango den aurreratzerik?
Gure iazko pankartak Gazan gertatzen ari den genozidioa salatzen zuen. Aurten ere bide horretatik joango delakoan gaude. Bai, ziur asko Gaza izango dugu gogoan.
"Gure iazko pankartak Gazan gertatzen ari den genozidioa salatzen zuen. Aurten ere bide horretatik joango delakoan gaude"
Zerk ezberdintzen du zuen kuadrilla herriko beste kuadrilletatik?
Bada, bista-bistakoa denez, gainerako kuadrillen aldean adinez nagusiagoak garela eta gure interesak janari eta edari inguruan antolatzen direla gehien bat.
Zer plan duzue kuadrilla moduan aurtengo Okondoko jaietarako?
Uste dugu betiko antzean ibiliko garela: abuztuaren 1ean kuadrillen bazkaria antolatu eta prestatu, lehiaketa gastronomikoetan parte hartu eta bertan kozinatutakoa bazkaldu. Horrekin batera, egitarauko zenbait aktibitaterekin gozatu dugu ere.
Zer dute Okondoko jaiek berezi eskualdeko gainontzeko herrietako jaiekin alderatuta?
Ez dakigu zer esan. Txapela-jaurtiketa, mozorroen lehiaketa, ur-jolasak igerilekuetan… herri guztietako jaietan izaten da zer edo zer berezia. Gure iritziz, garrantzitsuena da aukera hobezina dela auzokide direnekin une alaiak eta gozoak pasatzeko.