AIMAR GARCIA NAVARRO

“Okondoko izena eraman dut hainbat tokitatik break danceari esker: Japonia, Eslovakia…”

Aitor Aspuru Saez 2026ko abuztuaren 7a

Break dance dantzaria da Aimar Garcia Navarro okondoarra. / Aiaraldea.eus

AIMAR GARCIA NAVARRO, break dance dantzari profesionalak izango du aurten pregoia irakurtzeko ohorea. Kanpoan bizi da orain bere ametsa betetzeko, baina ez du herria inoiz ahaztu.

Zelan hartu duzu pregoilari izateko hautaketa?

Oso pozik nago. Ilusio handia egin dit break danceari esker pregoilari izatea.

Break dancean aritzea da zu pregoilari izateko arrazoi nagusia.

Bai, Okondoko izena eraman dut estatuko hainbat tokitatik, eta beste herrialdetatik ere: Japonia, Eslovakia… Bitxia da, ze kirol arraroa da herri honetan eta ez du inork gehiagok egiten.

20 urte dituzu eta break dancearen profesionala zara, nola heldu zara haraino?

Bilboko akademia batean hasi nintzen. Nire gurasoek eraman behar ninduten egunero, zailtasunak bazeuden, urrun dago. Gero hasi nintzen nire kabuz entrenatzen edo kalean edo etxean. Garajean prestatu nuen txoko bat horretarako. Hor ematen nuen egun osoa.
18 urte bete nituenean, ikusi nuen Madrilera mugitzeko beharra, aukera gehiago daudelako. Han Espainiako Txapelketan laugarren sailkatu nintzen 21 urteko azpiko kategorian eta antolakuntzan proposatu zidaten errendimendu altuko zentro batean sartzea. Han nabil egunero entrenatzen.

Erabaki zaila izan zen Madrilera joatea?

Bai, arraroa izan zen bakarrik mugitzea Madrilera, baina lagun ugari nituen txapelketei esker eta han daukat nire dantza taldea. Egunero entrenatzen dut eurekin eta aisialdia ere partekatzen dugu. Ondorioz, beti nago babestuta.

Nola hartu zuten zure gurasoek erabakia?

Beti babestu naute. Gogoko dute break dancea eta esan zidaten nik nahi dudana egiteko. Berdin zitzaien kirola. Madrilera joateko izugarri lagundu naute, ekonomikoki eta dena hara mugitzen.

Madrilen taldea daukazu, nola sortu zen?

Break dance udaleku batzuetan parte hartzen genuen Extremaduran eta hor ezagutu genuen elkar. Lagunak bilakatu ginen eta taldea sortu genuen. Txapelketetara joaten gara elkarrekin.

Space taldea da gurea eta ikuskizunak eta tailerrak egiten ditugu. Okondon abuztuaren 24an egingo dugu. Orain ikuskizunei esker bizi gara, profesionalak gara.

Epe ertain luzera zein da zure plana?

Nik suhiltzailea izan nahi dut. Larrialdi gradua ikasten ari naiz eta nire plana da urte hauetan dantzatzea, urte onenak direlako, eta gero suhiltzaile izateko oposizioak egiten hemen.

Baso suhiltzaile izan nintzen iazko udan eta sute handietan lan egin nuen, Aranjuezen, adibidez. Odol hotza behar da lan horretarako. Aurten ez dut egingo, zaila delako entrenamenduak eta suhiltzaile lana egitea aldi berean.

Break dance oso diziplina exijentea da, noiz arte luzatu daiteke bizitza profesionala?

Nik 40 urteko batzuk ezagutzen ditut egiten dutenak, baina nik hiruzpalau urte eman nahi ditut eta gero oposizioa egin. Agian gro dantzatzen jarraitzen dut. Ez dakit.

Zer eman dizu break danceak bizitzan?

Batez ere, lagun asko. Nire dantza taldea familia bezalakoa da. Bidaia asko, beste kulturak ezagutzea… 

Diziplina ere ematen dizu eta errealitate-kolpeak. Hau da, batzuetan asko entrenatzen duzu, baina gero kaleratzen dizute berehala eta indar emozionala garatu behar duzu horri aurre egiteko.

Zenbat ordu entrenatzen duzu?

Gutxi gorabehera hiru ordu goizetan eta orain udan beste bi edo hiru arratsaldetan uda delako. Urtean zehar arratsaldez ikasi behar dut. Okondon bizi nintzenean hiru ordu entrenatzen nuen arratsaldez eta oporretan beste hiru goizez.

Nola heldu zinen break dancera?

Beti gogoko izan dut txiribueltak eta abar egitea. Hasieran taekwondo egiten nuen eta egun batzuetan akrobaziak egiten genituen. Ehun horietan oso ondo pasatzen nuen eta gero ikusi nuen film bat break danceri buruz, Battle of the Year: The Dream Team eta interesa piztu zidan break dancean.

Gurasoei esan nien hori egin nahi nuela eta izena eman nuen aipatutako akademian. Hor hasi nintzen gehiago ezagutzen eta gustatu zitzaidan.

Herrian ezaguna zara horregatik?

Bai, noizbait entrenatu dut frontoian eta jendeak ikusi nau. Horrez gain, iazko mozorro lehiaketan dantzatu nuen. Minutu bateko zerbait egin nuen. Uste dut jendeak gogoko duela eta beti animatzen naute. Zerbait ezberdina da.

Pregoirako zerbait pentsatu duzu?

Diskurtso txikia emango dut txikiak motibatzeko kirola egiten, izan break dance edo beste bat eta Iraitz eta Haimar, nire lagunak, gogoratuko ditut. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide