Liburu berria kaleratu du Verónica García-Peña idazle, soziologo eta kazetari okondoarrak: Guardianas de las tierras del norte. Ez du bakarrik egin oraingoan, lau eskutara idatzi baitu Javier Solis historiatzaile avilestarrarekin. Euskal Herriko eta Asturiaseko mitologiak ardatz dituen argitalpena ondu dute, eta bereziki horien "sustrai matriarkalean" jarri dute arreta.
García-Peñak eta Solisek liburua abiatu zuten bi lurraldeetako mitologiek erro bera partekatzen dutelako ideiarekin: "Sustrai matriarkala, femeninotasunak natura sortzen eta gobernatzen duen mundu-ikuskera" bera.
Hortaz, "oinordetzan jasotako irudiaren aurrean", mito eta kondairetako pertsonaia femeninoek jatorrian esan gura zutena aztertu dute autoreek.
Dibulgazioa eta fikzioa nahasten dira liburuan. Izan ere, benetako datu eta ikerketekin batera, gaiarekin lotutako ipuin bana aurkituko dugu kapitulu bakoitzaren amaieran. "Ez-ohiko saiakera" gisa izendatu du, beraz, Uve Books argitaletxeak.
Verónica García-Peña
Idazle oparoa da Verónica García-Peña okondoarra. 2024an Okondon girotutako misteriozko eleberri historikoa argitaratu zuen eta iaz bertan hamar kontakizunez osatutako beste liburu bat eman zuen argitara. Beste zazpi liburu ere idatzi ditu bere ibilbidean zehar, eta bi aldiz izan da Planeta Sariko finalista.