2027ko Udal eta Foru Hauteskundeak

Jon Escuza Del Campo izango da berriro EAJren alkategaia Okondon

Aitor Aspuru Saez

Jon Escuza egungo alkatea da. / EAJ

Hirugarren legealdian jarraian alkate izateko aurkeztuko du EAJk Jon Escuza Del Campo.

Okondoko EAJk jakinarazi du herriko Uri Buru Batzarrak atzo onartu zuela Jon Escuza maiatzeko udal hauteskundeko alkategaia izatea. Ezustea ez da handia, aintzat hartuta hautestontzietan egondako azken bi hitzorduak irabazi dituela hautagaiak, azkena, gainera, gehiengo osoz. 2019tik 2023ra bitartean EH Bildurekin gobernatu zuen koalizioan.

Escuzak zoriontasunez hartu du erabakia: “Niretzat, Okondoko alkate izatea harrotasun eta ardura handia da, eta egunero ilusio berarekin hartzen dut. Urte hauetan gure herria hobetzeko, auzokideen beharrei erantzuteko eta proiektu garrantzitsuetan aurrera egiteko lan egin dugu. Hori egiten jarraitu nahi dut, herritarrei entzunez eta hurbiltasunez, konpromisoz eta dedikazioz lan eginez”.

Proiektua berrestea

EAJren iritziz, Escuzaren alde egitea azken urteetan garatutako proiektuekin lerrokatzea da, eta gogoratu du bere udal gobernu taldeak Kultura Etxean hobekuntza termikoak egin dituela, erretiratuen egoitza berritu duela, Klima eta Energiaren Udal Plana idatzi duela eta pertsona nagusientzako eta kolektibo zaurgarrientzako SUA suteen aurkako sistema instalatzeko erraztasunak eman dituela, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikuspena gauzatu duela eta udal-txokoa eta bizikleten garbitokia sortu duela.

Hurrengo legealdiari dagokionez, helburu gisa kokatu du EAJk A-3641 errepidea hobetzea, herritarren segurtasuna bermatzeko. 

“Erronka garrantzitsuak ditugu aurretik, eta seriotasunez aurre egiten jarraitu nahi dugu, baliabideak bilatuz eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, baina baita Okondoko beharrak irmotasunez defendatuz ere. Gure konpromisoa da udalerriak aurrera egiten jarraitzea eta hartzen ditugun erabakiek pertsonei benetako hobekuntzak ekartzea”, aurreratu du Escuzak.

Escuza izan da jeltzaleek eskualdean iragarri duten hirugarren alkategaia, berriki jakinarazi baitute Ander Larrinaga Saiz izango dela Laudioko zerrendaburua eta Txerra Molinuevo Laña Amurriokoa. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide