Txerra Molinuevo Lañak errepikatuko du EAJren Amurrioko alkategai moduan 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetan. Egungo alkateak ia sei urte daramatza kargu horretan, Josune Irabieni lekukoa hartu zionetik, eta 2023ko udal hauteskundeetan gailenduta.
"Amurrio pertsonengandik gertu egoten eraikitzen da, entzuten eta aurpegia ematen", adierazi du Molinuevok. Konpromiso horrekin, "etapa berri bati" ekin nahi dio gobernuburuak, udalerriak "erronka garrantzitsuak" dituela nabarmenduta.
Lehentasun moduan kokatu ditu "industria handiaren egoera, etxebizitzarako sarbidea eta amurrioarrek beren bizi-proiektua hemen garatu ahal izateko aukerak eskaintzeko beharra".
Horrez gain, "bizilagunen arteko elkarbizitza, errespetua eta harmonia" sustatzen jarraitzean ere jarri nahi du begirada. Modu horretan lortu nahi du "Amurrio irekia, abegikorra eta integratzailea, non pertsona guztiek beren lekua aurkituko duten eta komunitate beraren parte sentituko diren".
Gainera, "gauza txikietan" ere jarri nahi du arreta: "funtzionatzen ez duen farola bat, asfaltatu behar den kale bat, konpondu beharreko parkeko banku bat edo herritarren beharrei erantzun behar dieten udal-zerbitzu batzuk".
Kulturari, euskarari eta merkataritzari ere egin die aipamena, bere hautagaitza aurkezteko plazaratutako prentsa oharrean.
Alkategai izateaz gain, Espainiako Kongresurako hauteskundeetako Arabako zerrendarako ere proposatu du EAJk, Eneritz Alonso okondoarrarekin batera.
Gaurkoarekin, bi dira alderdi jeltzaleak Aiaraldean iragarri dituen alkategaiak, iragan ostegunean jakinarazi baitzuen Laudion Ander Larrinaga Saiz izango dela zerrendaburua.