“Idazlea baino dramaturgoa naiz ni, antzerkira bideratzen ditut sortzen ditudan istorioak”

Erredakzioa 2016ko uzt. 11a, 00:00

AGURTZANE INTXAURRAGAk (Orozko, 1966) antzerkia du ofizio. Aktore, zuzendari edota idazle moduan egiten du lan. 18 urte eman zituen Goenkalen gidoilari gisa. Antzerkigintzaren gaur egungo egoeraz mintzatu da.

Kazetaritza ikasi zenuen baina antzerkigintzan bukatu duzu, nolatan?
Argi neukan dantza izugarri gustatzen zitzaidala. Hala ere, Orozkoko baserri bateko umea izanik ez zegoen aukera handirik horretan aritzeko.

AGURTZANE INTXAURRAGAk (Orozko, 1966) antzerkia du ofizio. Aktore, zuzendari edota idazle moduan egiten du lan. 18 urte eman zituen Goenkalen gidoilari gisa. Antzerkigintzaren gaur egungo egoeraz mintzatu da.

Kazetaritza ikasi zenuen baina antzerkigintzan bukatu duzu, nolatan?
Argi neukan dantza izugarri gustatzen zitzaidala. Hala ere, Orozkoko baserri bateko umea izanik ez zegoen aukera handirik horretan aritzeko.
Burua kokatzen nuen bitartean zientzia ikasketak utzi eta kazetaritza egiten hasi nintzen. Oliteko jaialdira joan nintzen eta zenbait lagun ezagutu nituen bertan. Eurek animatu ninduten benetan egin nahi nuen horretan saiatzera eta horrela sartu nintzen Antzerki Eskolan.  
Eskolaren iragarkia ikusi nuen egunkarian eta Donostiara joan nintzen proba egitera. Hortxe hasi zen nire ibilbidea antzerkigintzan.

Handik gutxira sortu zenuten Hika antzerki taldea.
Bai, ikasketak amaitzean. Ikaskide eta lagunen artean osatu genuen. Antzezle gisa hasi nintzen, baina idazteari eta zuzentzeari ere ekin nion gero.  
Lehenengo haurdunaldiaren ostean etenaldia egin nuen antzezle moduan; zailagoa baita umeak eta emanaldiak uztartzea. Orain dela hiru urte berriro igo nintzen oholtzara eta ez naiz buru-belarri sartu, zuzentzea oso gustuko dudalako, baina egiten dut.

Antzezle, idazle eta zuzendari moduan aritzen zara. Zeren arabera erabakitzen duzu lan bat edo bestea egitea?
Kontatu nahi duzunaren araberako erabakia da sarritan. Zorte ona izan dut, bide honetan Arantxa Iturbe topatu baitut. 2002an egin genuen gure lehenengo elkarlana eta proiektu asko egin ditugu elkarrekin.

Ni idazlea baino dramaturgoa naiz, antzerkira bideratzen ditut istorioak. Ezin dut banatu idazketa eta oholtzan nola jarri nahi dudan imajinatzea. Zuzendaritzarekin lotuta dago dramaturgia. Ez dut nire burua idazten ikusten, idatzitako hori oholtzara eramateko ez bada.

Ikus-entzunezkoetan ere esperientzia izan duzu.
Bai, osagarria da. Lanaren aldetik beharrezkoa da, antzerkiaren bitartez ezin baitzara bizi. Urte askotan Goenkalek -bai niri zein beste askori- bizibidea eman digu.

 

"Ni 18 urtez ibili naiz Goenkalen antzezle eta zuzendari lanetan eta, aldi berean, antzerkiarekin uztartu dut. Berez, horrek laguntzen zidan antzerkiarekin jarraitzen"

 

Orain Goenkale edo tokiko telebista ekoizpenik ez dagoela, nik neuk 5 antzezlan egin ditut aldi berean. Zergatik? Bakarrarekin ezinezkoa delako enpresa aurrera atera eta soldatak ordaintzea. Gure buruen esplotazio ikaragarria dakar horrek.

Zer iruditzen zaizu eskualdeko kulturgintza esparrua?

 

"Harritu egin nau ikusteak Laudio bezalako herri handi batek ez duela aretorik. Gipuzkoako edo Bizkaiko herriekin alderatuta, sentsazioa dugu Araban askoz gutxiago lan egiten dugula"

 

Orozkon, aldiz, badago talde bat euskal kulturgintza zabaldu nahian. Ni han bizi izan nintzenean erdal munduak irabazten zuen dena. Orain sentsazioa daukat gauzak egiten ari direla.

Une honetan hainbat proiektu dituzu esku artean. Zeintzuk dira?
Iaz denbora asko inbertitu nuen Time machine soup lana sortzen. Donostiako 2016ko kultura hiribururako proiektua zen. Duela gutxi aritu izan naiz azken zertzeladak ematen. Bestalde, Bilboko bi zirku konpainiekin aritu naiz: Malas Compañíasekin Arriagan lana estreinatu dugu eta Leioako Umore Azokan egingo dugu kaleko bertsioa. Rojo Telón taldean ere ibili naiz zuzentzen. Animazio filma bat ere ari naiz zuzentzen. Udazkenean estreinatuko dugu. Oso interesgarria da niretzat, inoiz ez baitut halakorik egin. Panpinak erabiltzen ditugu, ordenagailuz sortutakoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide