"Argazkigintzak denbora asko kendu didan arren naturan pasatakoa ez dut galdutzat ematen"

Erredakzioa 2015ko api. 13a, 07:39

URTZI VERA (Orozko) argazkilaria da eta duela gutxi Fritz Pölking saria jaso du. Ez da bere ibilbidean jaso duen sari bakarra baina horrek ilusio berezia egin dio. Argazkigintzaren mundua nola ikusten duen azaldu du.

Hainbat sari irabazi dituzu zure argazkiei esker. Jasotakoen artean zein da poztasun gehiago sortu dizuna eta zergatik?

URTZI VERA (Orozko) argazkilaria da eta duela gutxi Fritz Pölking saria jaso du. Ez da bere ibilbidean jaso duen sari bakarra baina horrek ilusio berezia egin dio. Argazkigintzaren mundua nola ikusten duen azaldu du.

Hainbat sari irabazi dituzu zure argazkiei esker. Jasotakoen artean zein da poztasun gehiago sortu dizuna eta zergatik?

Azken hau izan da poz gehien eman didana, Fritz Pölking saria hain zuzen. Orain dela hilabete batzuk eman zen jakitera eta, egia esan, ez nuen batere espero.

Sari oso garrantzitsua da izatez eta berezitasun batzuk dauzka. Izan ere argazki multzo bat izan behar da, komunean zer edo zer daukaten argazkiak eta, era berean, istorioren bat gordetzen dutenak. Kasu honetan Orozkoko pagadi motz berberean egindako argazkiak izan dira sarituak.

Argazki hauek zazpi urtetan eginak daude. Egunez eta gauez egindakoak dira, urteko sasoi ezberdinetan ateratakoak, detaile txikiak edota paisai zabalagoak erakusten dituztenak, teknika bereziekin egindakoak batzuetan… bilduma mamitsua aurkezten saiatu nintzen eta badirudi gustukoa izan zutela.

Eta zein da kontatzen duten istorio hori?

Aldarrikapen bat da. Pagadi hauek oso zaharrak dira eta beraien itxura berezia orain dela asko egindako mozketek eragindakoa da, ikatzaren ustiapenerako erabiltzen ziren garaikoak. Handik hona, ehunka urteetan beren kabuz hazten jarraitu dute erraldoi eta ederrak bihurtu arte.

Orain badirudi hauen itxura berezi horrek jauzteko arriskuan jartzen dituela elurte edota haize bolada handiak daudenean eta berriz ebaketekin hastea proposatzen dute batzuek.

Baina ez dago praktika honen eraginkortasuna balioztatzen duen frogarik eta, beraz, nire jarrera guztiz kontrakoa da. Aitite eta amama berezi hauek bakean uztearena, alegia.

Pagadi basatiago batera transizioa beren kabuz, era lasai eta naturalago batean, egin dezaten.

Zure argazkiak oso lotuta daude naturari. Nondik sortu da harreman hori?

Argazkiekin hasi baino lehen mendia gustukoa neukan. Gainera txikitatik izan dut artearekiko maitasun bat. Egun batean kamera txiki batekin mendian argazkiak ateratzen hasi nintzen eta bi munduak batu zitzaizkidan.

Urte batzuk direla eta gehien bat alaba txikiei argazkiak ateratzen hasi nintzenetik, jendeari ere argazkiak egiten hasi nintzen, eta geroz eta gehiago gustatzen zaidan gauza da. Hala ere, lotsa gutxiago banu gehiago egingo nituzke seguru.

Zahartutako eta hustutako lekuak, arkitektura, bodegoia… ere egin dut eta batzuetan asko gozatu dut egiten baina mendia berezia da. Argazki kamera aitzakia bihurtzen da askotan mendian gehiagotan egotearren eta, gainera, zaletasun honi esker bai mendian zein itsasertzean momentu oso eder eta bereziak bizi izan ditut.

Konbinazio oso erakargarria bihurtzen da azken finean.

Nola egiten dituzu argazkiak, buruan izaten duzu zerbait aurretik edo ikusitakoa jasotzen duzu? Teknikaren bat daukazu?

Badira gutxi batzuk buruan ideia pizten den irudia bezala sortzen direnak. Burutik marrazki baten bidez paper batera doaz zuzenean eta handik, beharrezkoak diren osagaiak batzen dituzunean (eguraldi berezia, urteko sasoi egokia, ilargiaren edo eguzkiaren posizio zehatza…), amestutako eta marraztutako hori argazki “bihurtzen” saiatzen zara.

Baina beste asko bidean aurkitutakoarekin egiten dira. Horregatik, seguru asko, argazkilariok leku berriak aurkitzeko dugun grina hori.

Beste batzuetan, aurrean duzuna ez dakizu nola harrapatu. Gehienetan hoberena lanean hastea izaten da, hau da, argazkiak ateratzen hastea. Horrela argazki batek beste batera eramaten zaitu. Ideia batek beste berri batera eramaten zaituen bezala. Ateak zabaltzen joango bazina moduan. Hasieran imajina ezinezkoa zen gela berri eta berezi batera heltzen zaren arte.

 Zentzu honetan kreatibitatea lantzeko moduak badaude. Eta nik hauek ikasteko bidean nabil oraindik.

Zein da zure ustez sekretua argazki on bat egiteko?

Esan ohi da argazki on batek hiru “osagai” izan behar dituela: argia, konposizioa eta momentua. Baina nik betidanik pentsatu dut horretaz gainera intentzioa ere izan behar duela. Hau da, egiten duenaren eta ikusten duenaren arteko “konexio” hori.

Hau lortzeko pentsatu daiteke zorteari itxarotea dela bidea. Baina egia guztiz kontrakoa da, nahiz eta zorte pixka bat izatea beti ondo dagoen, noski.

Gauza gehienetan bezala, sekreturik handiena lana egitea eta trebatzen joatea dira. Inspirazioa eta bestelako mirariak lanarekin etorri ohi dira. Eta horretarako gasolinarik hoberena egiten duzuna gustukoa izatea da. Ez dago sekretu handirik, beraz.

Nola trebatu zara? Erreferenteren bat daukazu? Profesionala zara edo zaletasuna da zuretzat argazkigintza?

Orain dela 8 bat urte, hasi nintzenean, ez neukan erreferentziarik eta egia esan hutsetik hasi behar izan nuen.

Nire kabuz ikasten hasi eta gerora, réflex bat erosi nuenean, kurtso batzuk egin nituen Basauriko Kultur Etxean. Horren ostean, berriro nire kabuz gauzak saiatzen eta liburu zein interneten bidez ikasten saiatzen naiz. Eguneroko lana da.

Niretzat zaletasuna da gehienbat hau baina mota ezberdinetako enkarguak hartzen ditut, erretratu modukoak. Umeen edota famili osoko erretratu informalak gehienbat. Baita enpresa txikien web-erako argazkiak, beraien produktua zein lantokia erakusteko.

Natura argazkia batzuk pare bat agentziatan dauzkat, bata nazioartekoa, baina salmentak nahiko eskasak dira normalean.

Nire web-ean agertzen diren argazkiak paperean zein paretetan jartzeko prest ere saltzen ditut. Halako batzuk enpresa pribatu eta publikoetan daude. Eta nahi baino gutxiago saltzen den arren egia da erosten duena beti pozik amaitzen duela eta hori niretzako poz handia ere bada. Eta ez da propaganda hutsa.

Zer eman dizu eta zer kendu dizu argazkigintzak?

Buru hauste batzuk eman eta ematen dizkit. Eta susto txikiren bat ere bai.

Hala ere, denbora ugari kendu didan arren, naturan pasatako denbora ez dut uste galdua izan denik. Guztiz kontrakoa, ordea. Honekin bat, duela hilabete batzuk irakurri nuen japonen estresaren aurkako terapia bat dagoela, “Shinrin-yoku” edo basoko terapia deitzen dena. Benetan bitxia iruditu zitzaidan, izan ere terapia hau basoan argazkiak egiten zaudenaren antza oso oso handia dauka: detailetxo txiki guztiak begiratu, basoa entzun, usaindu, sentitu… Eta benetan onartu beharra dago guztiz terapeutikoa dela. Barrutiko lasaitasun handi batek hartzen baitzaitu.

Lehen esan bezala momentu oso bereziak eman dizkit zaletasun honek eta argazki makinagatik ez bazen seguru asko ez nintzateke leku askotan momentu egokian egongo. Nire begien aurrean paraje ederrak pasa dira. Sentsazio goxo horiek barruan gordeta gelditzen dira.

Hori gutxi balitz, denborarekin begiratzeko modu berezi bat hartzen duzu. Eta badirudi gauzen edertasuna sumatzeko gaitasuna handitzen zaizula, gutxienez itxuraz txikiak diren gauzei arreta gehiago jartzen diozu. Oso gauza berezia da.

Egindako argazkien artean badaukazu baten bat bereziki gogoko? Edo hori oraindik egiteke dago?

Badaude batzuk gogokoak ditudanak baina ez dago bat bereziki besteen artean nagusitzen dena.

Egiteke asko eta asko daude, horren esperantza daukat gutxienez. Eta espero dut ere egindakoak bezain hobeak izatea, horretan saiatuko naiz behintzat.

Non ikusi dezakegu zure lana?

Interneten ikusgai:

Web horria: http://urtzivera.com/

BASATI nire blog-a: http://urtzivera.blogspot.com.es/

Hil honetako 18ra arte Ondare aretoan, Bilbon, Fritz Pölking-arekin saritutako argazkiak ikusi daitezke. Sarrera doainik da eta “GDT European Wildlife of The Year”-en saritutako beste 70 bat argazkiekin batera. Benetan gomendagarria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide