Gaur egin du herri kontsulta Orozkoko Gure Esku Dago plataformak. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara arte izan dute herritarrek bozkatzeko aukera. 996 orozkoarrek eman dute botoa, 16 urtetik gorako biztanleen % 44,7a. Horietatik 892 (% 89,56a) agertu dira Euskal Herri independente batean bizitzearen alde. Ezezko botoa eman dute 68 herritarrek (% 6,82), 19 boto zuri egon dira (% 1,9) eta 17 baliogabe (% 1,7).
Eguraldia lagun, makina bat herritarrek hartu dute parte egunean zehar egin diren ekintzetan. Txistularien kalejirak, herriko artisau eta ekoizleen azokak, umeentzako jolasek eta kale animazioak girotu dute goiza. 13:00etan harrera egin zaie herri kontsulta egin duten edo egiteko asmoa duten herriei, eta flash moba egin da handik ordu erdira.
Herri bazkaria egon da eguerdian, eta Nafarroa kantu taldearen eta “Hilean Bariku Bat”-en doinuek girotu dute arratsaldea. Zortzietan itxi dira hautestontziak, eta orduan ekin diote antolakuntzako kideek botoak zenbatzeari.
“Ikaragarria eta hunkigarria”
Lortutako emaitza “ikaragarri eta hunkigarria” izan dela adierazi dute Orozkoko Gure Esku Dagoko kideek, parte hartze datuen berri emateko eginiko ekitaldian. “Hunkigarria izan da, aspaldian ametsa iruditzen zitzaiguna gaur egia bihurtu dugulako”. Azpimarratu dute gauza garrantzitsu bat ikasi dutela herri kontsultaren bidez: “Posiblea dela oso sentsibilitate ezberdineko pertsonez osatutako talde batean helburu bera lortzeko lan egitea,elkarlanean eta naturaltasunez”. Nabarmendu dute “pozik” daudela lortutako emaitzarekin, “egin dugun bidea eta heldu garen lekura heltzea izan da garrantzitsuena”.
Bataz bestekotik gora
52 udalerritan egin dituzte gaur mota horretako herri kontsultak, Gure Esku Dago dinamikaren baitan. 63.201 herritarrek hartu dute parte guztira, bozkatzera deituak zeuden biztanleen % 25,49a. Eibar izan da parte hartze txikiena izan duen herria (% 11,39). Gizaburuagan egon da, aldiz, parte hartze gehien, herritarren % 61,71ak bozkatu baitu.
Arrankudiaga-Zolloko bozkatzaileen bikoitza
Hala ere, Orozko emaitzetan beherakada bat sumatu daiteke duela bi urte Arrankudiaga-Zollon eginiko kontsultaren emaitzei erreparatuz gero: % 61,5koa izan zen parte hartzea galdeketa horretan. Hala ere, herritar gutxiagok hartu zuten parte orduan, 450k guztira. Orozko udalerri handiago bat delako eman da ehunekoan beherakada, nahiz eta berez Arrankudiaga-Zollon lortu ziren botoen bikoitza baino gehiago lortu den gaurko kontsultan.
Datorren urtean egongo da erabakitzeko eskubidearen aldeko hurrengo zita garrantzitsua eskualdean. Artziniegan, Aiaran, Amurrion, Laudion eta Okondon mota horretako galdeketak egiteko asmoa duela adierazi du Aiaraldeko Gure Esku Dago plataformak. Orozkon eta Arrankudiaga-Zollon lortutako emaitzak mantentzea izango da erronka nagusia.