Aho batez onartu zen atzoko udalbatzan Zubiaur Eraikuntzaken aktibo guztiak udalaren gain geratzea. Ordezkaritza duten hiru talde politikoek (Adie, EAJ eta EH Bildu) bozkatu zuten alde.
Josu Sanpedrok azaldu zuen modu horretan udalarena izango dela sozietate publikoak eragindako zorra kitatzeko ardura, ia 1,5 milioi eurokoa, hain zuzen. Alkatearen esanetan akordioa itxi dute Kutxabankekin zorra epeka ordaintzeko. Hala, udalak 104.281 euro eman beharko dizkio urtero bankuari, eta 15 urte barru ez du zorrik izango. Horrez gain, 74.265,43 euro ordainduko dizkio tokiko erakundeak Kutxanbaki interesetan.
EAJren “baiezko baldintzatua”
EAJko zinegotziek proposamenaren alde bozkatu zuten, baina argi utzi zuten “baiezko baldintzatu bat” zela eurena. Gauza bat eskatu zioten udal-gobernuari: Zubiaur Eraikuntzak likidatzen denean lursailak udalaren esku geratzea; ez saltzea, alegia. “Lursailak hurrengo belaunaldientzako gordetzea nahiko genuke”, adierazi zuen Bittor Olaguenagak, eta nabarmendu zuen “gorakada bat” gertatzen ari dela eraikuntzaren sektorean.
Eskaerari erantzunez, Josu Sanpedrok ziurtatu zuen udalak lursailak salduko dituela etxebizitza tasatuak egiteko prest dagoen erosleren bat azaltzen bada. “Bi legealdi daramatzagu zor horren zamarekin”, azpimarratu zuen alkateak.
Begoñe Olabarria Adieko zinegotziak adierazi zuen “oso une tristea” dela oraingoa. Haren ustetan, “herri osoa” izorratu du Zubiaur Eraikuntzaren aferak, “hainbat inbertsio albo batera utzi beharko dira bere garaian gauzak gaizki egin zirelako. Behar zena baino gehiago eraiki zen”.
Demanda, bertan behera
Zigor Gorostiaga EH Bilduko zinegotziak, bestalde, demanda bategatik galdetu zion alkateari, Zubiaur Eraikuntzaken zuzendaritzak Bilduren eta EAJko kide batzuen aurka aurkeztutakoa. Astelehenean jakin zuten epaitegiak auzia hori bertan behera utzi zuela. “Epaiketa horrek eragin dizkigun gastuak Zubiaur Eraikuntzakek bere gain hartuko dituen jakin nahi dugu”, adierazi zuen EH Bilduko zinegotziak. Alkateak adierazi zuen hurrengo bileretan hitz egingo dutela gaiaren inguruan. Laster deituko dute Zubiaur Eraikuntzaken batzarra, azkena izango dena seguru asko, sozietate publikoa disolbatzea aurreikusi baitute.