Musika eskaintza anitz eta oparoa egongo da sanantolinetan. Hainbat estilotako taldeak taularatuko dira.
Horietako asko lan berria besapean dutela iritsiko dira Orozkora. Iaz argitaratu zituzten euren bigarren diskoak Mafalda eta Lagrimas De Sangre taldeek, eta horiek aurkeztera bertaratuko dira Orozkora irailaren 2an. Txosnagunean eta Gorbeia kaleko eszenatokian joko dute, hurrenez hurren.
Mafaldaren kontzertuaren ostean Aneguria rap abeslaria igoko da oholtzara, festa goizeko ordu txikietara arte luzatzeko.
Zopilotes Txirriaosek, aldiz, hirugarren diskoa -Entre Atxunes y Culebras deitutakoa- argitaratu berri du. Radio Revolución eta Ezten Giro taldeekin batera joko du Txosnagunean, irailaren 1ean.
Jurgi Ibarretxe laudioarrak eskualdeko beste musikari batzuekin sortutako cumbia estiloko taldea da Radio Revolución; emakume musikariekin osatutako erromeria talde gipuzkoarra da, aldiz, Ezten Giro.
Berbenak
Ez dira faltako ezta ere jaiak girotzeko erromeria eta musika jartzaileak. DJ Bull izango da lehena, abuztuaren 31n. Bere musika bilduma amaigabeko aleak jarriko ditu txosnagunean, dagoen jende eta giroaren arabera moldatuta. Oxabi berbenak joko du biharamunean eta Joselu Anaiak talde mitikoak, berriz, irailaren 3an.
Bestalde, musika eta antzerkia uztartuko dituzte Las Fellini talde ospetsuko kideek. Berakatz Egunean -Irailak 4- igoko dira Zubiaur Plazako oholtzara, 17:00etan.