Berezia izango da aurtengo Sanantolinetako pregoiaren irakurketa, José Arrue margolariari eta Blas de Otero poetari omenaldia egiteko baliatuko baitute.
Biak ala biak bilbotarrak ziren, baina harreman handia izan zuten Orozkorekin. Arrue orozkoar batekin ezkondu zen eta 10 urte igaro zituen herrian bizitzen. Inspirazio iturria izan zen berarentzat herria. “Orozko zen Arruerentzat euskal kulturaren leku adierazgarriena”, azaldu du Felix Mugurutza adituak.
Blas de Oterorentzat ere oso toki garrantzitsua izan zen udalerria. “Berak zioen Orozko zela bere benetako aberria”, adierazi du Ibon Arbaizak. Blas de Otero fundazioaren zuzendariak azaldu du poetak uda ugari igaro zituela bertan, senide ugari zituelako: “Errekan bainatzen zen, pilota partiduak jokatu zituen frontoian... Zekor bat toreatzera ere iritsi zen jaietan”. Herriarekiko zuen maitasuna islatua geratu zen bere ibilbide literarioan. “Olerki askotan egiten dio erreferentzia Orozkori, Bilbo ‘ilun eta industrialarekin alderatuta”.
Bi artistentzako inspirazio iturria izan zen Orozko. Oterok hainbat olerkitan aipatzen du herria, eta Arruek margolan ugari egin zituen bertan
Izen handiko sortzaileak
Figura garrantzitsuak izan ziren Otero eta Arrue, bakoitza bere alorrean. “Euskal Herriko margolarien artean Arrue da munduan ezagunena eta bere estilo bereziagatik errazen identifikatzen dena”, ziurtatu du Mugurutzak. “XIX. mendearen amaierako gizartea ikertzeko ez dago bere lana bezain onik. Komiki itxurako irudi haiek gogorki kritikatu zizkioten bere garaian, baina oso arrakastatsuak izan ziren eta imitatzaile eta, areago, faltsifikatzaile andana izan zuen atzetik”.
Otero, aldiz, Federico Garcia Lorcarekin parekatu daiteke, Arbaizaren ustez. “Maila berean jartzen dute hainbat literatur kritikarik, XX. mendeko oso figura garrantzitsua izan zen”.
1977 urtean hil zen Arrue, Laudion. Handik bi urtera zendu zen Otero, Madrilen. Bi artisten senideekin jarri dira harremanetan jai batzordeko kideak, pregoian parte hartzea proposatzeko, baina oraindik ez dute zehaztu nola egingo den ekitaldia.
“Erromeria” lana, antzezpen
Arrueren figurak zeresana emango du sanantolinen ostean ere. Margolariaren “Erromeria” koadroaren antzezpena egingo dute Beraza auzoan, margolana egin zen toki berean. Bideoz grabatuko dute ekimena, Anton Lazkanok zuzendutako dokumental baten parte izango baita.