Supelaur Kultur Elkarteak eta Orozkoko Gazte Asanbladak jaietako egitaraua zabaldu dute. Bost egunez hamaika ekintza egingo dituzte. Abuztuaren 31n izango da aurrenekoa, Gazte Eguna. 13:30ean jaurtiko dute txosnetako txupinazoa, eta ordubete beranduago izango da Gazte bazkaria. Txartelak Jentilzulon eskuratu ahalko dira, 10 euroren truke. Bazkalostean "Herri kirolen iraultza" egingo dute, eta 20:00etan sardinada. Gau-giroa Dj Bullek bermatuko du.
Ostiralean -irailaren 1ean- musika eta eskupilota izango dira nagusi. 19:00etan egingo dituzte lagunarteko pala partidak, eta ostean "Ezker pareta" eskupilota txapelketako finala. 22:00etatik aurrera, aldiz, Radio Revolucion, Zopilotes Txirriaos eta Ezten giro taldeak taularatuko dira.
Zapatu morea
Larunbatean morez jantziko dira bazterrak. 19:00etan Mamiki batukadaren danbor hotsek girotuko dute herria, eta 20:30ean "Kancaneo" antzerkia izango da. Jarraian egingo dute ekitaldi feminista, "Emakumerik gabe...bakerik ez!" lemapean. Gauean, berriz, Mafalda eta Aneguria taldeen emanaldia egongo da.
Domeka izango da "Elkartasun eguna", elkartasun afaria da horren adibide. "Hilean bariku bat" musikari orozkoarren musika-ikuskizuna egongo da ondoren.
Irailaren 4an bukatuko dira festak, Berakatz egunarekin. Pintxopotea izango da txosnetako ekintza nagusia, 17:00etatik aurrera, hain zuzen.