Sanmartinak izango dira Aiaraldeko festen denboraldia itxiko dutenak. Zollon eta Orozkon ospatuko dira, besteak beste. Orozkori dagokionean, igandea izango da "egun nagusia". Izan ere, larunbateko kanpai-jotzea izango da programatutako ekintza bakarra, 14:00etan.
Igandea, oparo
Asteari amaiera emateko kalejirarekin esnatuko dira Orozkoko kaleak. "Hilean bariku bat" musika taldea eta Ekinjoleak-eko txistulariak arduratuko dira herria pizteaz, 10:45ean. Hala, San Martin auzora abiatuko dira oinez, 11:00etan omentzeko santua mezan.
Jarraian, 12:00etan, kontzertua eskainiko du gazte musikariek osatutako taldeak. Bien bitartean, patata tortila txapelketan erakutsiko dituzte bertaratzen direnek sukalde lanetarako dohaiak. 12:45ean, aldiz, Ubixeta dantza taldearen erakustaldia egongo da. Festak finantzatzeko errifa eta zozketa egingo dituzte 13:00etan.
Ume eta gazteek ere izango dute zerekin gozatua, jokoak prestatuko baitituzte. Eguerdira arte iraungo du jai-giroak, 14:00etan piztuko baitute festen amaiera iragartzeko traka. Antolatzaileek adierazi dutenez, goiz osoan egongo da zabalik txosna, "bertako produktuak dastetako aukereagaz".