"Klima aldaketa eta Asiako liztorra ezti ekoizpenerako mehatxu handiak dira"

Aitor Aspuru Saez 2018ko ots. 4a, 11:00
Lehen saria jaso zuen Iñigo Maciasek Bilboko Santo Tomas azokan.

IÑIGO MACIAS (Orozko, 1973) ezti ekoizlea da. Bilboko Santo Tomas Azokako saria eskuratu du aurten. Duela 10 urte hasi zen eztia ekoizten eta egun bere ogibidea bilakatu da.

Lehenik eta behin, Santo Tomas Bilboko Azokako saria jaso duzu. Zer izan da zuretzat aitorpen hori jasotzea? Sari gehiago jaso dituzu?
Alde batetik, berria eman zidatenean kriston poza hartu nuen, ez nuen sinesten. Bestetik, aitorpen pertsonala eta nire markarentzat bultzada itzela zela pentsatu nuen.

Aurten ere Ermuko azokako saria jaso nuen, milalore eztiagatik izan zen. Gauzak hala, 2017a niretzat urte borobila izan dela esan dezaket.

Epaimahaiak zer hartzen du aintzat eztia baloratzeko?
Kontuan hartzen dituzte, besteak beste, zaporea, kalitatea, umeltasuna…

Duela denbora asko hasi zinen eztia ekoizten?
Duela hamar urte hasi nintzen ezti ekoizle moduan jarduten hemen, Orozkon bertan, nire bikotekidearen osabarekin. Lanbide berri hau ikasten hasi nintzen, eta gero eta gusturago nengoenez, ezti ekoizlea izango nintzela erabaki nuen.

Orain dela hiru urte hasi nintzen Eusko Label markarekin lanean.

Nola ekoizten duzu eztia?
Bi ezti mota ekoizten ditut. Alde batetik, Milalore deitzen dena eta, bestalde, Txilarko eztia, biak Orozkoko herrian ekoiztuta.

Nire eztia guztiz naturala da, hondakin gabekoa. Getariako kooperatiban erlauntzetik eztia ateratzen dut.

Salmentarako erabiltzen ditut, besteak beste, Orozkoko museoa, Eroski... eta noski, nire baserria, Orozkoko Zaloa auzoan dagoena.

Zeintzuk dira zure lanaren alderik onenak eta okerrenak?
Nire aburuz, lanaren alderik onenak dira: askatasuna, ez daukadala nagusirik eta, beraz, nire ordutegiak moldatzen ditudala; eta, zalantzarik gabe, mendian egotea eta erleekin lan egitea.

Bestalde, alderik okerrenen artean azpimarratu behar ditut klima aldaketa eta Asiako
liztorra. Izan ere, arazo hauek kezkatzeko modukoak dira. Dakizuenez, ekoizpenean eragina dute.

Urtero ekoizpena aldakorra da, adibidez, aurtengoa bikaina izan da; baina datorren urtekoa, batek daki.
 
Erleei lotutako produktu gehiago lantzen dituzu?
Batez ere eztia, hurrengo urterako propolio eta polen produkzio txikia ateratzeko asmoa daukagu.

Nolakoa da erleekin harremana, askotan ziztatu zaituzte?
Milaka ziztada, baina gure lanbidean oso arrunta da, denboragaz sorgortu naizela esan dezaket.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide