"Molusku eta koralen pilaketaren ondorioz sortu zen Itzinako paisaia, duela 100 milioi urte"

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mar. 2a, 09:11
Itxina itsasoan zegoela azalduko du Iñaki Garcia Pascualek gaurko hitzaldian. / I.G.P

IÑAKI GARCIA PASCUAL (León, 1958) geologoa da eta urteak eman ditu Itzinaren jatorri eta bilakaera aztertzen. Bere ikerketen emaitzak aurkeztuko ditu gaur -martxoak 2-, 19:30ean Donibane aretoan.

Nolatan hasi zinen Itzinako bilakaera geologikoa aztertzen?

Nire lizentziatura tesian -1981. urtean aurkeztu nuena- azaldu nuen lehenbiziko aldiz kareharrizko arrezifeen gaineko interesa.

1:25.000 eskalako kartografia geologikoaren programan parte hartu nuen gero, 1983tik 1991ra. EAEko 72 mapetatik 41 gauzatzen lagundu nuen. Kareharrizko paisai ugari ikertzea eta euren kartografiak osatzea egokitu zitzaidan, Itzina barne. Aramotz, Lemoa, Gernika, Markina-Aulestia, Karrantza, Bilbo edota Bizkaiko Meatzalde aztertu nituen, besteak beste.

Hala ere, geologian aditua den edonork daki mota horretako kareharriak jatorri organikoa dutela. Horregatik, urte askoko ikerketak egin dira toki horietan. EHU arduratu da, batez ere, hori egiteaz -Kepa Fernandez Mendiola, Joaquin Garcia-Mondejar, Arantza Aranburu eta abar-. Baina 1959. urtean hasi ziren gaiari buruzko ikerketa serioak egiten -nik urte bat baino ez nuenean-, orduan argitaratu baitzen Dijoneko -Frantzia- Unibertsitateko Pierre Rat irakaslearen doktorego tesia.

Oso garrantzitsua iruditzen zait historia interesgarri eta entretenigarri hauek zabaltzea. Arrokak ez dira estatiko eta aspergarriak, bizirik daude. Beste hizkuntza batean hitz egiten digute, ezagutzen ez duguna baina ikasteko horren zaila ere ez dena.

 

“Arrokak ez dira estatiko eta aspergarriak, bizirik daude”

 

Itzinak 100 milioi urte dituela aipatzen duzu ikerketan. Nola sortu zen?

Gune tropikal bat zen, gaur egungo Bahamen, Seychelles irlen, Fijiren, Maien itsasertzaren edo Australiako arrezife-hesiaren tankerakoa.

Iberiar penintsula planetaren ekuatorean zegoen ia, delta eta lohiz betetako gune baten gainean, gaur egun Ebroren delta edo Mont Saint-Micheleko mareadun lautada bezala. Itsasoko ur-mailaren igoera ematen zen, koral eta molusku arrezifeak sortuz -gaur egun daudenen oso antzekoak-.

4 milioi urtez egon zen Itzina egoera horretan, gorabeherak egon ziren arren -ostiraleko hitzaldian azalduko ditugunak-. Molusku eta koralen pilaketaren ondorioz sortu zen Itzinako karedun paisai erraldoia, gaur egun arroka bilakatu dena.

 

“Itzinako arroka gehienak aztarna biologikoez osatuak daude”

 

Landareria eta fauna asko egongo zen garai hartan, ez?

Itzinako arroka gehienak aztarna biologikoez osatuak daude. Arrezifeko elementu gogor eta finkoak mantendu dira, moluskuen maskorrak eta koralak batez ere -muskuiluen, barraskiloen edota ostren tankerakoak-. Badaude baita ere belakiak, itsas-trikuak, alga karedunak eta mikrofosil asko, mikroskopioarekin soilik ikus daitezkeenak.

Atal bigunak zituzten gainontzeko animaliek apenas utzi dute arrastorik. Oso noizbehinka karramarroen edota muskuilu igerilarien aztarnak topatu daitezke, txibia edota nautilusen modukoak.

Zergatik desagertu zen arrezifea?

Gorabeherak izan zituen, itsasoaren mailaren araberakoak. Ur-maila azkar eta modu erregularrean igotzen bada arrezifea gorantz hazten saiatuko da, argia duen zonaldean mantentzeko, zuhaitzek baso itxi batean egiten duten bezala. Horrela arroka handi bat sortzen da.

Uraren maila egonkor mantentzen bada, aldiz, arrezifea alboetatik hazten da, zabalera handiagoa hartuz baina ur azpian mantenduz gehienbat. Uraren maila jaisten bada, gelditu egiten da hazkundea. Arrezifearen zati batek bizirautea lortu zuen, baina beste zonalde bat uretik kanpo geratu eta ito egin zen, arroka hila utziz.

Herritzar hori erosionatu egin zen gero, olatuen eraginez, eta euriarekin disolbatu zen, karstifikazio zahar bati paso emanez, gaur egungo karstarekin batera identifikatu daitekeena Itzinan.

Horri gehitu behar zaio hondarrezko delta berri bat sartu zela, 4 milioi urteko denbora tartea amaitzear zegoela. Hegoaldean zegoen kontinente batetik zetorren delta hori, eta gaur egun horren gainean kokatzen da Aiaraldearen eta Enkarterrien zati bat. Bukatzeko, are eta lokatzek geratzen zen arrezife zatia ito eta lurperatu zuten.

Arrezifearen heriotzak Aiaraldearen jaiotza ekarri zuen, beraz.

Hegoaldetik zetorren deltaren zatirik urrunena izan zen arrezifera iristen lehena. Lokatz eta buztinak utzi zituen bertan. Buztin bigun horietan sortu zen Aiaraldearen gehiengoa. Ez da hitzez azaltzeko erraza, baina ondo ulertu daiteke irudi eskematiko sinple batekin.

Arrezifearen aztarnarik ikusi daiteke gaur egun?

Begirada erne izanda eta arroka irakurtzen jakinda bistan topatuko ditugu arrezifea eraiki zuten organismoen fosilak. Benetako atoloi fosil hau Kretazikoko euskal artxipelago baten parte zen.

Itzinaren oinarrira gerturatzen bagara lehenbizi, eta arroketatik mugitzen bagara gero, koral, alga eta moluskuen arrezifearen erregistro fosila agertuko da gure begien aurrean.

Itzina inguruetan ikusi dezakegu baita ere Aldabideko itsaspeko arroila. Itsasoaren sakonean sortutako kanalizazio handi bat da, arrezifetik erautsitako arroka handien erorketa medio sortua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide