Datorren asteko ostiralean hasiko dira Orozkoko San Antolin Jaiak. Hori dela eta, herriko elkarte ezberdinek makina bat jarduera prestatu dituzte. Txosnagunean atzo aurkeztu zuen egitaraua, agerraldi bidez. "Autogestioa ureztatu... jai herrikoiak loratu!" lemapean musika kontzertuak, jolasak eta bestelako hamaika ekintza egingo dituzte, besteak beste.
Ostiralean -abuztuak 31- 13:00etan jaurtiko dute "gazte txupinazoa", eta ondoren poteoa egingo dute herrian barrena. "Gazte bazkaria" izango da segidan: "Txartelak Itxinan daude salgai 10 euroren truke, kamiseta barne". Ostean olinpiadak egongo dira, eta 20:00etan sardina jana. Hain zuzen, tarte horretan izango da Zubiaur plazan txupinazo nagusia. 22:00etan, Txarros Txilapastrosos, Bemba Saoco eta Hilean Bariku Bat taldeak taularatuko dira.
Larunbatean, "zapatu morea"
Larunbatean egingo dute "Zapatu morea". 20:30ean Akelarrea iragarri dute, "Performance inquisition" delakoa. 22:00etan, aldiz, ekitaldi feminista osatuko dute. Gaueko kultura eskaintzan ere emakumeak izango dira nagusi: Anita Parker eta Dj Tarantistak.
Igandean "Elkartasun eguna"
Igandean, ostera, elkartasuna izango da ardatz. 11:00etan zabalduko dute "elkartasun gunea", graffiti erakustaldi eta pintxo janarekin. 12:00etan trikipoteoan abiatuko dira, 13:00etan elkartasun argazkia egiteko. Aldarrikapenak, beraz, "tarte berezia" hartuko du jaietan; 20:00etan "Presoak kalera" manifestazioa eta ekitaldia egongo baitira, eta 21:30ean afaria. "Ikasleek, langabeek eta soldata prekariodunek 7€ ordaindu beharko dituzte, eta besteek 10€", zehaztu dute. Eguna amaitzeko Orbanak eta Dantzetan Jarrai taldeek emanaldia eskainiko dute.
Irailaren 3an, astelehenean, amaituko da "Ezker pareta II. Eskupilota txapelketa herrikoia". 19:00etan jokatuko da "final handia" Orozkoko frontoian. Biharamunean -martitzenean- Dj Instant musika jartzaileak itxiko du txosnetako programazioa. Honakoak dira Orozkoko txosnagunean euren lanak aurkeztuko dituzten taldeak: