Adie Orozkoko talde independenteak udal hauteskundeetako zerrenda jakinarazi zuen atzo Internet bidez. Azken bi legealdietan Udal Gobernu Taldea eskuratu duen alderdiak aldaketak egin ditu hautagaiei dagokienez.
Lehenik eta behin, Pedro Mari Intxaurraga Sautua izango da alkateagai: 59 urte ditu eta Orozkoko Ibarra auzoan jaio zen. Ezkonduta, alaba bat eta biloba bat dauka. 17 urte zituela lanean hasi zen basolanetan eta oraindik horretan aritzen da, nahiz eta bestelako lan batzuk ere egin dituen, gehienak lehen sektoreari lotuta.
Adiek azaldu du: "Pertsona bilatzailea da, esploratzailea, bizitzako zentzua bilatzen du egiten dituen ekintza guztietan. Eta ekintza askotan hartzen du parte. Besteak beste, Itxina Elkarteko fundatzaile eta presidentea da, Orozkon dauden Gorbeiako Parke Naturaleko lursail pribatuen jabeak biltzen dituen elkartea. Bestalde, aipatutako Parke Naturaleko Patzuergoko kidea ere bada. Euskal Espeleologoen Elkarteko presidentea."
Bere aldetik, Pedro Mari Intxaurragak adierazi du: "Alkategaia izatea erabaki nuen Adieren proiektua aurrera eramaten laguntzeko. Ideologietatik harago doan proiektua da, inoren menpe ez dagoena. Filosofia malgu hori oso ondo egokitzen zaio nire izaerari. Izan ere, egitura piramidalak eta bertikalak ez datoz bat nirekin, egitura zabalak eta horizontalak nahiago ditut eta. Adien ez dugu guziok berdin pentsatzen eta horrek erakartzen nau."
Bigarrena zerrendan Idoia Camacho EHUko irakaslea izango da eta hurrengo postuetan Jose Urraza eta Berenice Rodriguez egungo zinegotziak egongo dira.
Hurrengoak Juanjo Lazkano Ortueta, Zuriñe Urkijo Arbaiza, Monse Ibarrondo Sagastizabal, Isabel Orueta Solaun, Ander Jimenez Etxebarria, Oiane Larrazabal Arbaiza eta Gurene Grande Martinez izango dira. Horrez gain, Irati Larrory Casaus eta Garazi Intxaurraga Garcia arituko dira ordezko gisa.