Udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda osoa aurkeztu du Adiek

Erredakzioa 2019ko api. 14a, 16:13

13 kidek osatzen dute zerrenda. / Adie

Talde independenteak aitortu du orain dela gutxira arte ez duela etorkizuna bermatua izan, oraingo alkateak eta hiru zinegotzik “politikaren lehen lerroa” utziko dutelako agintaldi hau amaitzen denean.

Datorren maiatzeko udal hauteskundeetarako osatu duen hautagaien zerrenda aurkeztu berri du Adiek. Sinadura bilketa abiatu zuen Orozkoko talde independenteak iragan astean (alderdiak ez diren taldeak horretara derrigortuak daude hauteskundeetan parte hartu ahal izateko). 167 sinadura lortu zituen guztira. “Eskertzeko kopurua da kontuan izanda 3.000 biztanletik beherako herria garela. Jendearen babesa jasotzeak aurrera egiteko indarra ematen digu", azaldu du Josu San Pedro alkateak.

Talde independenteak aitortu du orain dela gutxira arte ez duela etorkizuna bermatua izan, oraingo alkateak eta hiru zinegotzik “politikaren lehen lerroa” utziko dutelako agintaldi hau amaitzen denean. "Azken hilabeteotan, sarritan pentsatu izan dugu gure proiektua aurten amaituko zela, izan ere, ez genuen erreleborik topatzen orain arteko lanarekin segitzeko", azaldu du San Pedrok.

Duela zenbait aste aurkeztu zuten taldearen alkategaia izango dena: Pedromari Intxaurraga Sautua. “Gure filosofiarekin leial izaten segituko dugu. Gure herriarekin zerikusirik ez duenarekin loturarik izan gabe”, azaldu du zerrendaburuak, “Orozkoko eta Orozkorako taldea gara, ez besterik, eta orozkoarren interesen alde egiten dugu, ez pentsaera politiko zehatz baten alde".

Hauek dira zerrenda osatzen duten kide guztiak:

1. Pedromari Intxaurraga Sautua. 59 urte. Batxilerra. Baso-langilea.

2. Idoia Camacho Markina. 46 urte. Informazio Zientzietan Doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle-ikerlaria.

3. Jose Urraza Aldayturriaga. 36 urte. Zuzenbidean Lizentziatua. Gipuzkoako Foru Ogasuneko Teknikaria. Oraingo zinegotzia.

4. Berenice Rodríguez García. 67 urte. Idazkaritza. Osakidetzako Zuzendaritzako idazkari erretiratua. Oraingo zinegotzia.

5. Juanjo Lazkano Ortueta. 50 urte. Ostalaritza eta Turismoko Teknikari espezialista. Sukaldaritza irakaslea.

6. Zuriñe Urkijo Arbaiza. 34 urte. Topografia-ingeniaritza Teknikoa. Itsasontzi-delineatzailea.

7. Montse Ibarrondo Sagastizabal. 51 urte. Informazio Zientzietan Lizentziatua. Diseinatzaile Grafikoa.

8. Isabel Orueta Solaun. 67 urte. Lehen Hezkuntza. Etxekoandrea.

9. Ander Jiménez Etxebarria. 32 urte. Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa. Nekazaritza-ingeniaria.

10. Oiane Larrazabal Arbaiza. 40 urte. Psikologian Lizentziatua. Psikologoa.

11. Gurene Grande Martínez. 38 urte. Arte Ederretan Lizentziatua. Artisaua eta Irakaslea.

12. Irati Larrory Casaus. 29 urte. Haur Hezkuntzan Diplomatua, Lehen Hezkuntzan Graduatua. Irakaslea.

13. Garazi Intxaurraga García. 30 urte. Haur Hezkuntzan Diplomatua, Heziketa Berezian Diplomatua, Lehen Hezkuntzan Graduatua. Irakaslea.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide