Ekainaren 1ean izango da "Aiaraldeko emakumeen* II. Topaketa feminista"

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 21a, 12:25

Iaz egin ziren lehenbizikoz topaketak. / Aiaraldea.eus

Ekainaren 1ean izango da Aiaraldeko emakumeen* II.Topaketa Feminista. Faktoriako feminismo lantaldeak egun osoko egitaraua atondu du, Matxintxurekin elkarlanean. Izena emateko epea maiatzaren 29an bukatuko da.

Aiaraldea Ekintzen Faktoriako Feminismo lan-taldeak eskualdeko emakumeen topaketa antolatu du bigarrenez. Iaz eratu zuten sarearen lehen punta, hainbat adin eta herrietako 100 neska bilduta. Laudioko Faktorian ospatu zuten eguna. Aurten, baina, Orozkon izango da topaketa, 10:30etik aurrera Zubiaur plazan. Goizean Aiaraldeko proiektu feministen aurkezpen maratoia egingo dute, eguerdian kantu kalejira eta bazkaria, eta arratsaldean “Emakumeak oholtzara” ekimena.

Urduñan burutu zituzten urtarrilean Neguko Topaketak, eta bertan aurkeztu zuten 2019rako helburu eta ekintza sorta. Ahalduntzea eta saretzea izango dira ekainaren 1eko hitzorduaren helburuak, Garazi Martin Bideguren Faktoriako Feminismo lan-taldeko kidearen hitzetan: “Azkenaldian proiektu feminista ugari jarri dira martxan eskualdean, eta guzti horiek ezagutzera emateko espazioa sortu nahi izan dugu”. Modu horretan nahi dute norbanakoak eta eragileak euskaraz saretzea. Izan ere, antolaketa lanetan eskualdeko elkarte feminista ugarik hartu dute parte: Artziniegako Otsati elkarteak, Amurrioko Otsemeak taldeak, Orozkoko Matxintxuk... “Inguruko eragileen lana ikustarazten saiatu gara, egitarauaren bidez”, zehaztu du Martin Bidegurenek.

Hala, goiz osoan zehar azoka eta erakusketa feministak egongo dira Zubiaur plazan: “Otsemeak eta Matxintxu taldeen materiala egongo da salgai, eta Otsatikoen hainbat erakusketa egongo dira ikusgai plazan”. Ahalduntzeari begira egitasmo ugari antolatu dira azken hilabeteetan bailaran. “Horiei tartea eta ahotsa emateko prestatu dugu Aiaraldeko proiektu feministen aurkezpen maratoia”.

Tokiko 6 proiektu feministen aurkezpena
Aiaraldeko Irakurketa Klub Feministak ikasturte bat darama literatura eta gogoetak partekatzen. Josune Muñoz da egitasmoaren gidari, eta berak aurkeztuko du proiektua. Ildo beretik, oraintsu aurkeztu dute Nosotras también contamos liburua, Amurrioko 12 andreren ezagutza eta bizipenetan oinarrituta, “liburuko protagonistak gonbidatu ditugu esperientzia eta ondorioak kontatzera”.

Bestalde, Laudio eta Amurrioko Etxe Feministen prozesuaren berri emango dute bertako kideek. Horrez gain, Zaskaleari taldearen nondik norakoak azalduko dituzte goizeko jardueran. Arte ekintzen bidez emakumeen saretzea eta aldarrikapena helburu ditu plataforma horrek. Faktoriak, bere aldetik, eskualdeko memoria historiko feminista eratzeko planteamendua aterako du argitara; baita esku artean dituzten bestelako erronkak ere: Aiaraldeko Feminismoaren agenda, edota “Munduko janak” dinamika. Urduñako Adi Emakumeak taldeak, berriz, hiriko emakumeen fabriketako lana biltzeko proiektua jarriko du mahaigainean.

“Emakumeak oholtzara”
Tokiko emakume sortzaileei garrantzia eman diete aurtengo edizioan ere. Horren adibide da “Emakumeak oholtzara” dinamika. Bazkalostean hasiko da, 16:00ak aldera, eta arte diziplina ugari uztartuko ditu emanaldi kolektiboak. Esaterako, Izaskun del Cerrok, Piano taupadak ikuskizunaren zati bat eskainiko du; Ainhize Solaun Mendigurenek zumba gidatuko du; eta “munduko emakumeen dantzak” saioarekin bukatuko da emanaldia. “Askotariko kulturetako ohiturei bide emanez, saioan hainbat gonbidatu taularatuko dira”, aurreratu du aiaraldearrak.

Izena emateko labur.eus/aiaraldekotopaketafeminista helbideko fitxa bete behar da. Bertan adierazi beharko dituzte, besteak beste, partaideek behar bereziak: “Itzulpen eta interpretazio zerbitzua eskainiko dugu eskatzen dutenentzat, baita haurren gunea ere. Bazkari barazkijalerako izena ere formularioaren bidez eman beharko da; soldatadunentzat 12€ izango da prezioa, eta gainontzekoentzat 7€”. Faktoriak eskerrak eman dizkie egunaren antolaketan lagundu duten norbanako eta eragileei eta Orozkoko Udalari.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide