“EH Bildu eta ezkerreko indarrak dira gaur-gaurkoz balio eta funtzionatzen dutenak”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 24a, 21:49

Gaur iluntzean egin dute Orozkoko EH Bildukoek ekitaldi politikoa. Peio Urizarrek, Pablo Gorostiagak eta Pili Garciak hartu dute parte, besteak beste. 

Peio Urizar izan da hitza hartzen lehena. “Ohorea da zerrendakideekin proiektua konpartitzea. Euskal Herriak behar duen aldaketa bermatzeko proiektu bakarra da EH Bildu”, azpimarratu du. Bizitza duinerako eskubideak izateko “erregimen propioa” aldarrikatu du, eta akordioez eta alderdien borondateez aritu da: “Maroto kanporatzeko EAJri eman genion botoa inolako onurarik gabe, nahiko nuke jakin ea eurek aukera hori emango liguketen”. Biktimen aitortzaz, egoera sozioekonomikoaz eta eskubideak bermatzeko beharraz ere hitz egin du: “Egungo zikloa agortzen ari da, 40 urte eta gero. EAJ eta PSE-EE ez dira etorkizuna herri honentzat, ez dute nazio proiekturik eta. Guk Euskal Herria dugu helburu bezala, eta horretarako, zalantzarik gabe, EH Bildu izan behar da tresna”. Kanpainaren azken eguna izanik, jeltzaleei kritikaren politika baliatzea leporatu die, eta PPri ETAren etengabeko erabilera: “EH Bilduk elkarbizitza eta bakegintzaren aldeko sekulako lana egin du. Inkesta guztiek diote igoko garela, eta oso nabaria da alderdien urduritasuna Nafarroako esparruan, Gipuzkoan eta Gasteizen”.

Pablo Gorostiagak hartu dio lekukoa. Europako parlamentuaren garrantzia azaleratu du: “Herriaren eta oinarri sozialaren pentsamenduari erantzun behar diote instituzioek”. Demokrazia jopuntuan dago, Gorostiagaren ustez, jazarpena eta kontrola kasu. Hauteskundeen aurrean, baikor azaldu da: “Bigarren indarra izan gara, Arnaldo Otegik 300.000 boto kalkulatu zituen. Gu ez bagara gure etorkizunaren jabeak, zail izango zaigu justizia soziala bermatzea eta guztiok bizitza duina edukitzea”. Sigla gehien izan dituen politikaritzat definitu zuen bere burua: “Gure Aukera, Herri Batasuna... eta orain EH Bildun gaude. Zergatik? Jarri diguten oztopo bakoitza gainditu dugulako. Botere asko daukagu, baina sinistea falta zaigu. Igandean jasoko dugu egindako lanaren emaitza”.

Samuel Pasandin eta Pili Garciak egin dute azken hitzartzea. Zerrendakide gazteak etorkizunerako oinarri sendoa dutela azpimarratu du: “Zapalduak eta ahotsik gabekoak ordezkatu nahi ditugu. Gauzak aldatzera goaz, irabazi nahi dugu, eta irabaztera goaz”.

Pili Garcia alkategaiak, berriz, gazteak eta edadetuak izan ditu gogoan, pentsionistak nagusiki. Emakume feministen lana ere goraipatu du zerrendaburuak: “EH Bildu eta ezkerreko indarrak dira gaur gaurkoz balio eta funtzionatzen dutenak. Dena aldatzera goaz, geldiezinak gara, irabaztera goaz". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide