Olgetan elkartearen irainak salatu ditu Gentzane Aldai Calonge pilotari Orozkoarrak. Herriko pilota elkarteak oharra atera du Aldaik hedabideetan eginiko adierazpenak gezurtatzeko. “Orozko guztian jarri dituzte paperak: tabernetan, komunetan...Olgetanen komunikatu iraingarri eta faltsuaren aurrean, gertatua argitzeko beharra ikusi dut, adierazpenik egin nahi ez nuen arren”.
Azken asteetan emakumeen eskupilotak hartutako oihartzunaren baitan harrotu ditu hautsak. “Emakume Master Cup-ek eginiko apustuari esker, nesken eskupilotak boom mediatikoa hartu du. Ni ez naiz pilotaririk onena, baina elkarrizketa ugarirako deiak jaso ditut”. Pantaila handian agertu da geroztik: Telebilbako Perfiles de mujer saioan izan zen lehenbizi, EITBko Gure Kasa eta Está pasando programetan eta Cuatroko Deportes cuatro saioan. Aiaraldea hedabidean ere izan da elkarrizketatua.
Pilotari gisa bere ibilbideagatik galdetu izan diotenean, Orozkoko Olgetan klubean “lagun artean” hasi zuela aipatu du beti Aldaik, oharrean nabarmendu duenez: “Jolastea gustatzen zitzaidalako hasi nintzen, sexu bereizketarik sumatzen ez banuen ere, emakume izateagatik ez bainuen inolako oztoporik ikusten (garai hartan)”. 12 urte zituela utzi zuen kluba erabaki propioz: “Nire adineko mutilekin ezberdintasun fisikoa izaten hasi nintzen, eta nire egoera berean zeuden emakumeekin lehiatzeko aukerarik ez zen existitzen”.
Polemikaren erroan 2017ko urriaren 1eko mezu bat dago. Emakume Master Cup-en izena ematea erabaki zuen, eta astean behin Olgetanekin entrenatzeko aukeraz galdetu zuen elkartean. Aldaik oharrean jakinarazi duenez -jatorrizko mezuak erantsita- honako erantzuna jaso zuen, hitzez hitz: “Zail ikusten dut, entrenamenduak itxita baitaude Klubeko kideekin. Nik gozua pilota hartzea eta plazan suabe piloteatzea gomendatuko nizuke. Eskuak landu pixka bat. Horrekin nahikoa duzu. Entrenatzaileak ezer gutxi ahalko dizu lagundu. Eskuak gutxi gorabehera egokitzean eskolako kide ohiekin geratu... eta partida batzuk jolastu, suabe beti. Edozer dela ere komentatu”. Ordutik ez du Olgetaneko kideekin aferarekiko elkarrizketarik izan. Hedabideetako solasaldietan, sarritan galdetu diote emakumezkoen eskupilotan ea desberdintasunik dagoen. “Jakina dagoela, nire bizi osoko klubera entrenatzera itzuli nahi izan nuenean ezin izan nuen, eta nire lagunekin plazara jolasten joateko erantzun zidaten”, aitortu du Aldaik. Mingarria izan zaio ukapena sentitzea, “baina ez dut uste hori erantzun zidanak intentzio txarrarekin egin nuenik”.
Olgetanek oharra atera du publikoki Gentzane Aldairen adierazpenei erantzuteko. Aldairen aburuz, pertsona gisa bere kontra egin dute, “gezurrak esanez eta gupida gabe”. Azpimarratu duenez, bere asmoa ez da gerra piztea izan: "Ez dut uste nire adierazpenak hanka sartzeak direnik, ez dut elkarteko inor aipatu izan, ezta kluba ere, eta injustua iruditzen zait arazoa konpontzeko hartu duten modua. Nahikoa izango zen euren hitzen inguruan hausnartzea eta nirekin pertsonalki hitz egitea”. Ildo beretik, jasotako babes guztia eskertu du, “baita nirekin jolastu izan duten lagun gizonezko horiena, ez dute inoiz ere nire egiatasuna zalantzan jarri; nire bertsioa jakin gabe ere”.
Olgetanen adierazpena
Olgetan elkarteak, bere aldetik, larritzat jo ditu Gentzane Aldaik hainbat hedabidetan eginiko adierazpenak. Batetik, Klubak ez duela sekula neska izateagatik gutxietsi adierazi du: “Ez legoke gaizki esker aitortza txiki bat egitea bera pilotari delako norbaitek Orozkon pilota kluba sortzea erabaki zuelako, ez zela sexista eta entrenatu egin zuela, eskola txapelketak antolatu zizkiola, herriko torneoak ere, eta inork ez zuela kolokan jarri emakume izateagatik, animatu egin genuen”.
Olgetanen hitzetan, 12 urterekin jo zuen futbolera Aldaik, eta geroztik ez dute bere berririk izan. “Duela urtebete klubeko lehendakariari deitu zion, gure entrenatzaile batekin prestatu nahi zuelako. Ikasturtea klubak antolatu zuela azaldu genion, ezin genuela entrenamenduak bertan behera utzi, bazkideek lehentasuna dutelako”. Horrez gain, pilotarien entrenamenduan sartzeko materiala falta zitzaien Olgetanekoei: “Ez zegoen modurik uztartzeko berak erabiltzen duen materiala, mailak ez duelako zerikusirik. Zorionez edo zoritxarrez, eskolak ez du minuturik soberan daudenei zerbitzu on bat emateko. Ulertu genuen bere proposamenak ez zuela tokirik eskolako egituran”. Ondorioz, prestaketa moduak erraztu zizkioten klubetik: eskuak egokitzeko aholkuak, lagunekin entrenamendu gisa jokatzeko gomendioa eta udako pilota biguneko txapelketan parte hartzeko gonbita.
“Horrek ez du zerikusirik berak esan gutxiespen tonuan esandako 'joan zure lagunekin plazan jolastera' erantzunarekin”. Olgetanen aburuz, leku faltagatik ukatu zitzaion entrenatzeko aukera, eta hori ez da diskriminatzea: “ez du mailarik osatua dagoen talde batean entrenatzeko”. Ildo beretik, azpimarratu dute elkartean emakume pilotari gehiago egon direla, eta tratu berdina eman zaiela uneoro. Horren adibide jarri dute palan 35 neskatilak dihardutela egun Orozkon, “inork ez ditu gidatu, eurek erabaki dute pala aukeratzea eskupilotaren ordez, bizitza osoan jarrai dezaketela ikusten dutelako”. Eskupilotako bereizkeria, sexuarena baino, fisikoarena dela nabarmendu dute: “Neskak eta mutilak berdin jolasten dute, ez da sexu kontua, ezta eskuena ere. Fisikoa da. Hautatu egiten zaituzte, eta abandonatzen zoaz”. Amaitzeko, Olgetanen izen ona eguneroko lanari zor zaiola azpimarratu dute, "Gentzane Aldai bezalako pertsonek gu ez desprestigiatzeko borrokan jarraituko dugu".
Orozkoko Mugimendu Feministaren oharra
Orozkoko Mugimendu Feministak, bestalde, oharra atera du "emakume* kirolarien egoera" salatzeko. Mugimendu Feministaren ustez, mehatxuak, irainak eta erasoak jasan dituzte zenbait andrek. "Orozkon, beste leku askotan bezala, kirolaren eremua gizonentzako sortu den eremua da. Emakumeok, kirolean ere, emakume izate hutsagatik zapalduak, gutxietxiak, uneoro epaituak eta presionatuak gara. Eta hau gutxi balitz, emakumeok* kirolaren munduko ateak itxita topatzen ditugu askotan parez pare", erantsi dute. Hala, irmoki salatu dituzte jarrera sexistak: "Matxismoz beteta dauden futbol zelai, frontoi eta kiroldegiak ere gureak dira eta geroz eta gogorrago emango diogu feminismoaren pilotari, ostikadaz ostikada, pilotakadaz pilotakada, patriarkatuaren horma apurtu arte. Emakumeok* kirola aske egin arte. Aurrean izango gaituzue!".