"Inoiz baino herrikoiagoak izango dira aurtengo Orozkoko jaiak", baieztatu du Eider Solatxik. Orozkoko Txosna Batzordeko kideak, elkarteen arteko elkarlana nabarmendu du: "Aurten lehen aldiz txosnagunea beste eragile batzuekin batu da, eta auzolanean eraiki dugu egitaraua; ehuneko ehunean ez bada, hein handi batean autogestionatuta".
Supelaur, Orozkoko Gazte Asanblada, Orozkorock eta Matxintxu aritu dira egitarau oparoa prestatzen. "Sortutako aliantzak oso aberasgarriak dira", erantsi du Solatxik, "Txosnagunean aldaketak eman dira jaiak herrikoak izateko, eta horretarako elkarteen parte hartzea oso inportantea da".
Musika eskaintza
Kontzertuei dagokienean Mugalari, Siroka, Dj Bull, Yogurinha Borova, Las Tea Party eta Iker Lauroba bertaratuko dira, besteak beste.
Bestalde, aurten ere Zapatu Morea egingo dute, emakumeak erdigunean jartzeko: "Aldarri feministak egiteko, jaietan erasorik gabe gozatu nahi dugula aldarrikatzeko, emakumeak jaietan ere libre garela adierazteko eta oholtza gainean ikustarazteko". Ohi bezala, Matxintxurekin batera osatu dute egun hori.
Gazte Eguna eta Elkartasun Eguna ere izango dituzte: "Gazte Asanbladari esker eraikitzen da txosnagunea, eta horri esker gazte askok txandak egiten dituzte, eta auzolanetan parte hartu. Gazteok subjektu klabe garela jaiak antolatzeko adierazi nahi dugu egun horrekin, jaien antolakuntzaren lehen lerroan jartzen baikara horrela".
Elkartasun keinu gisa, Alaitz Aramendi orozkoarrak 12 urte daramatzala espetxean salatuko dute irailaren 1ean. Horrez gain, 47 euskal herritar epaituko dituztela-eta, babesa adierazteko argazkia aterako dute.
Goitibehera lasterketa lehenbizikoz
Goitibehera lasterketa izango da Gazte Asanbladaren aurtengo nobedadeetako bat. Abuztuaren 30ean egingo dute, 19:30ean txosnagunetik abiatuta. Izen-emate epea zabalik dago, orozkokogazteasanblada@gmail.com helbidera bidali beharko dute interesdunek mezua, edota Itxina tabernan egin.
"Pedalak edota motorra ezingo dira erabili, eta derrigorrezkoa izango da kaskoa eramatea", nabarmendu dute.
EGITARAU OSOA
Abuztuak 30, barikua: Gazte Eguna
12:00 // Txupinazo alternatiboa eta txosnen irekiera
12:05 // Kale animazioa eta mural margoketa
12:30 // GZTxef lehiaekta
14:·0 // Gazte bazkaria eta bingo musiaktua
19:30 // Goitibera lasterketa
20:30 // Sardinada
22:00 // Kontzertuak: Mugalari, Siroka eta DJ Bull
Abuztuak 31, larunbata: Zapatu Morea
12:00 // Emakume* sortzaileen azoka
13:00 // "Neska*gazteok kaleak astintzera!"
19:30 // Herrian zehar kalejira feminista Mamiki batukadarekin
21:30 // Ikuskizuna: 4 eme (ostean ekitaldia)
0:30 // Kontzertuak: Yogurinha Borova, Las Tea Party
Irailak 1, domeka: Elkartasun Eguna
20:00 // "Euskaol preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera" manifestazioa txosnagunetik (eta ostean elkartasun argazkia "47akHerrian")
21:30 // Elkartasun afaria (ostean Iker Lauroba)
Irailak 2, astelehena: Rock Eguna
18:00 // Garagardo dastaketa
20:30 // Orozko Rock I.Banden Lehiaketako finala
Egun osoan zehar argazki erakusketa
Irailak 3, asteartea
19:00 // Ezker pareta III.Txapelketa Herrikoiaren final handia
Irailak 4, eguaztena: Berakatz Eguna
22:30 // DJ Uxun&Tatun