Atxulaur K.E izango da Sanantolinetako pregoilaria. 25 urte bete ditu taldeak aurten, eta hori dela eta egin diete aitortza. “Oso pozik gaude, ez genuen espero. Egin dugun 25 urteko ibilbidea ospatzeko modu bat da, ohorerik handiena”, dio Roberto Santa Cruz Olivarrek. Pregoia ez ezik, taldearen liburua osatzen ari dira, “baten batek argazkiak edo materiala balu eskertuko genioke bidaltzea autxulaur.ke@gmail.com helbidera”.
Egun neska-mutil ugari dabiltza klubean, “esango nuke gaur egun 160 inguru direla”. Irailean hasiko den denboraldirako 8 talde dituzte osatuta dagoeneko, futbol eskolaz gain. Ospatzeko lorpen ugari izan dituzte aurten gainera, bigarren maila erregionalera igo baita Atxulaurreko talde nagusia, hirugarren mailan txartela lortuta. “Hurrengo urtean ere gogor borrokatuko dugu, jakina”, dio.
Oraindik (artikulu hau uztaila amaieran idatzi zen) ez dute pregoia prestatu. Hala ere, ordezkaritza zehaztu dute: Atxulaurreko 4 zuzendaritza batzordeetatik behintzat ordezkari bana igoko da udaletxeko balkoira. “Guztiok gara taldea; eta, noski, gure artean ez dauden baina lan handia egin duten pertsonak izango ditugu buruan. 25 urtetan pertsona asko pasa da klubetik. Ez da etorriko mundu guztia, baina asko bai. Sorpresaren bat emango dugu...Jaietan futbolaren eta kirolaren balore eta filosofia transmititu nahiko genuke”.
Ildo beretik, Sanantolinak oso diberitigarriak eta parte hartzaileak izatea espero dute, "mota guztietako biolentziarik gabeak".