Orozkoko Garrafa Elkarteak antolatu du hamaiseigarrenez txapelketa. Hala, goizean zehar "garrafa" prestatzen aritu dira zenbait herritar. Gainera, egun bateko "museo irekia" jarri dute ikusgai: "Herrialde askok erabili dituzten izozki-garrafak ikus ditzakegu bertan". Horien artean egon dira Estatu Batuetako tresnak, Frantziakoak, Holandakoak eta Alemaniakoak.
Eguerdian aurkeztu dituzte edariak, eta ondoren dastatzeari ekin diote. Antolatzaileek adierazi dutenez, 21 garrafa prestatu dituzte txapelketaren baitan, eta 5 izozki. Niko Astobitza elkarteko kidearen esanetan, ohitura mantentzeko antolatzen dute ekimena: "Beste herri askotan egiten da garrafa: Gernikan, Areatzan, Laudion, Otxandion... Horietako askotan galdu egin da, baina hemen ohitura mantendu dugu".
Izoztegien garrantzia Orozkoko historian
"Orozkon hainbeste garrafa izatea ez da kasualitatea, izotzak mendeetan zehar izandako garrantziaren ondorioa da", adierazi dute Garrafa Elkartekoek. "XVI.mendetik XX.mendearen erdialdera, Itzinako izoztegiek Bizkaiko ati bat -Bilbo barne- hornitu zuten izotzez. Orozkon begista litezke horietako batzuk, "Itzinako izoztegietatik harrigarriena Zara-Neberabarri da, honi esker Orozkoko udalerriak kobratzen zuen dirua urte osoko aurrekontuen herena estaltzeko erabiltzen zen".