Athletic Clubera itzuli da Naia Landaluze, Estatu Batuetako ibilbidea bukatuta

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 20a, 08:05

Naia Landaluze Lezaman. / N. L.

Naia Landaluze futbolaria Athletic Club Reto Iberdrolan jokatzen ari da orain, klubaren filialean, hain zuzen. Horretarako, uko egin behar izan dio Estatu Batuetan ikasteari eta ez da Kentuckyra itzuli.

Naia Landaluzek amaitutzat jo du Estatu Batuetako esperientzia akademia eta kirol munduan eta ez da Campbellsville unibertsitatera itzuli ikasturte hasieran. "Erabaki oso gogorra" izan dela adierazi du jokalariak. Hala ere, Kentuckyko lagunak, unibertsitatea eta taldea atzean utzi ditu bere ametsa betetzeko: Athletic Clubean aritzea.

Hasieran zalantzak izan bazituen ere, Landaluzek erabaki irmoa hartu du: "Orain esan ahal dut oso pozik nagoela. Txikitatik edonork amestu dezakeen klub batean nagoelako, eta niretzat aukera galanta da jokalari gisa hobetzeko".

Gakoa, konfinamendua

Erabateko aldaketa hori gertatzeko, futbolariaren hitzetan, itxialdia eta pandemia izan dira gakoak. Hasieran Ameriketara itzultzeko asmoa izanik, 3 hilabete etxean igaro ostean, bestelako iritzia zuen: "Konfinamendua gauza positiboak eman zizkidan, zalantzak argitzea eta nire gorputza fisikoki eta mentalki indartzea". 

Berez, udan hainbat talde jarri ziren berarekin harremanetan eta, azkenean, Athletic Reto Iberdrola taldean -Athletic B- jokatuko du 2020/2021 denboraldian.

Zehazki, igandean hasi zen txapelketa eta hasierako hamaikakoan egin zuen orozkoarrak debuta. Athletic 77. minutuan jarri zen aurrean markagailuan Lezaman, baina azkenean Segull klubak 1-2 irabazi zuen.

Nabarmendu beharra dago Lezama ez dela arrotza orozkoarrarentzat, entrenamendu teknikoetan parte hartzeko deitu baitzuen Athleticek 2016an.

Ikasketak

Gauzak horrela, eta nahiz eta bere ametsa bete, Landaluzek ez ditu ikasketak alboratu, Ingeniaritza egiten baitago.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide