Alaitz Aramendik abenduaren 30ean bukatu zuen Frantziar Estatuko espetxe zigorra, 13 urtez preso egon ostean. Gaur jakinarazi dute Aramendiren senideek Renneseko espetxetik atera dutela, estradizio prozesua abiatzeko.
Eguerdian, Donostiako Polizia Nazionalaren komisaldegitik, senideak deitzeko aukera izan du orozkoarrak. Kotxez eraman dute Rennesetik bertara eta Alcalá Meco espetxera mugituko dutela jakinarazi du.
Hurrengo egunetan Espainiar Estatura lekualdatuko dute, eta 2017an Entzutegi Nazionalak ezarritako zigorra bete beharko du. 535 urteko espetxe-zigorra jaso zuten Alaitz Aramendik eta Liher Aretxabaletak, hain zuzen, 2005ean Madrileko San Blas auzoan lehergailu bat jarri izana egotzita. Legediaren azken aldaketak kontuan hartuta, 40 urte eman beharko ditu espainiar kartzeletan preso.
13 urte espetxean
2007an atxilotu zuten Aramendi, eta 2013an epaitu zuen Pariseko Auzitegiak. “Erakunde terroristako” kide izatea egotzi zioten.
Renneseko espetxean igaro du orozkoarrak espetxealdiko azken urtea. Aurretik Roanne, Bapaume edo Fresenesen ere egon da, Orozkotik 800 kilometrotara, bataz beste.