Avilako espetxera lekualdatu dute Alaitz Aramendi preso politiko orozkoarra

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 20a, 12:49

Alaitz Aramendiren aldeko manifestazioa 2017an. / Aiaraldea.eus

Urtarrilaren 7an eraman zuten Frantziatik espainiar estatura. Aramendik 40 urteko espetxe zigorrari egin beharko dio aurre Espainian.

Alcalá Meco espetxetik Avilako espetxera mugitu dute Alaitz Aramendi Jaunarena preso politiko orozkoarra. Gaur goizean lekualdatu dute. Aramendik berak jakinarazi ditu senideak telefono dei bidez Brievako -Avila- espetxera iristerakoan. Urtarrilaren 7an espainiar estatura eraman zuten Frantziako espetxe-zigorra bete ostean.

13 urte eman ditu Aramendik Frantzian preso, azken hilabeteak Renesseko espetxean, Orozkotik 800 kilometrotara. 2007an atxilotu zuten eta 2012an epaitu, "erakunde terroristako" kide izatea leporatuta.

Espainiar estatuan 40 urteko espetxe-zigorrari egin beharko dio aurre orain. Entzutegi Nazionalak 2017an ezarri zion 535 urteko zigorra, 2005ean Madrileko San Blas auzoan lehergailu bat jarri izana egotzita.

Avilako espetxea Espainiako emakumezkoen espetxe bakarra da, eta Orozkotik 400 kilometrotara dago. Bertan, EPPK-ko beste bi kide daude gaur egun.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide