KICK BOXING

Espainiako Kick Boxing txapeldun izan ostean, nazioarteko lehiaketak prestatzen hasi da Izaro Blanco

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 5a, 11:00

Izaro Blanco irabazitako azken bi dominekin./ I. B.

Espainiako Kick Boxing eta Light Contact txapelduna izan da asteburuan Izaro Blanco, eta orain nazioarteko hitzorduak prestatzen hasi da.

Azuqueca de Henaresen, Guadalajaran, lehiatu zen asteburuan Espainiako Kick Boxing (Tatami Sport) txapelketa. Izaro Blanco orozkoarrak junior kategorian (16,17 eta 18 urte) parte hartu zuen eta bi diziplinetan izan zen txapeldun: Kick Boxing eta Light Contact.

Lau borroka irabazi behar izan zituen horretarako, guztira, 800 lagun elkartu baitziren kirol azpiegituretan lehiatzeko eta. Gaztea oso pozik dagoela azaldu du: "Lehen aldiz, itzalean egiten den lan guztia ikusten hasi naiz, inork ikusten ez dituen orduak eta orduak".

Olinpiadak, hurrengo helburua

Etenaldiaren ostean lorpen nabarmena gauzatu badu ere, Izaro Blancok helburu exijenteak ditu: "Orain, nazioarteko hurrengo datak prestatzea eta kirolari gisa hazten jarraitzea besterik ez zait geratzen, nire ametsa lortzeko: olinpiadetara iristea".

Izan ere, Kick Boxinga ez da kirol olinpikoa izango 2023ra arte, baina orozkoarrak prest egon nahi du. Blancok berak azaldu duenez: "Nire ametsa olinpiadetara joatea da, baina denbora asko barru prest sentitzen naizenean, oso gaztea naizelako. Oraingoz, denbora laburrean pentsatu nahi dut, eta zain ditudan txapelketa guztietarako prestatu".

Urte eta erdiko etenaldiaren ostean, entrenamenduen emaitzak ikusi ditu Izaro Blancok asteburuan.

Esker hitzak

Edonola ere, egindako lana oso presente izan du Blancok eta izandako laguntza eskertu du: "Urte eta erdiko geldialdiaren ondoren, eskerrak eman nahi dizkiet denbora honetan babesa eman didaten guztiei, Asier Arza entrenatzaileari eta Laudioko Kaizen gimnasioko gainerako kideei, baita ere, eskerrak eman nahi dizkiet Portugaleteko Contact Klubeko lagunei, azken hilabeteotan haiekin entrenatzeko aukera eman didatelako, ahaztu gabe nire anaia Iker Blanco dela, nazioarteko eta nazioko lehiaketa guztietan coach gisa parte hartzen duena. Eta gustatuko litzaidake FEKMri aipamen berezia egitea, kirolari gisa izan dudan hazkundean oinarri izateagatik (Jesus Egia presidentea, Ana Isabel Sordo presidenteordea eta tatami selekzio nazionaleko teknikari taldea, txapelketa osoan zehar lagundu didatenak)".

Domina sorta

Izaro Blancoren arrakasta ez da ezustekoa izan. 2019an Europako Txapelketan aritu zen Hungarian eta bi domina irabazi zituen, eta aurreko urtean Venezian izandako Munduko proban ere domina lortu zuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide