"Eraso matxistek ez dute tokirik ez Orozkon ez inon"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ots. 19a, 10:03

Elkarretaratzea egin zuten atzo Orozkoko Zubiaur plazan, azken asteetan gertatutako eraso matxistak salatzeko. 

Gizonezko batek Orozkoko zenbait neska gazte jazarri ditu, Matxintxu elkarteak salatu duenez. Orozkon ez ezik, inguruko beste herri batzuetan ere gertatu dira erasoak, Ugaon kasu. Hargatik, elkarretaratzeak egin zituzten bi herri bizkaitarretan atzo. Izan ere, Orozkoko neska gazte zein emakume nagusiagoek jazarpena salatu dute, gizonezko baten eskutik. Epai bideari, ordea, ezin izan diote heldu; poliziak adierazi dienez, eraso edo gertaera fisikorik ezean ezin duela ustezko erasotzailearen aurka jo. 

Erasoen larritasuna eta jarrera matxistekiko gaitzespena azaleratzeko mobilizazioa egin zuten atzo 20:00etan Zubiaur plazan. Jendez lepo bete zen plaza, eta elkarretaratzearen bidez, emakume erasotuei babesa adierazi, eta eraso matxistarik onartuko ez dutela berretsi zuten. "Eraso matxistek ez dute tokirik ez Orozkon ez inon", azpimarratu zuten. 

Orozkoko Udalak adierazpen instituzionala plazaratu zuen, gertaeren harira. "Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta Udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta herriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela", aipatu dute oharrean. 

Laudioko Institutuan, bestalde, astelehen goizean -otsailaren 21ean- egingo dute kontzentrazioa, 11:00etan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide