Orozkoko Udalak adierazpen bateratua plazaratu du azken asteko eraso sexistak salatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko martxoaren 4a

Matxintxu elkarteak iragan astean egindako elkarretaratzea. / Aiaraldea.eus

Adierazpen instituzional bateratua osatu dute Adiek, EH Bilduk eta EAJk azken astean Orozkon jazotako eraso sexistak arbuiatzeko. Horrelako egoerekin amaitzeko "egungo antolaketa eta ordena soziala eraldatzea" ezinbestekoa dela azpimarratu dute.

Orozkoko Matxintxu elkarteak eta Laudio Institutuko ikasleek aurretik egin bezala, Orozkoko Udalak adierazpen bateratua plazaratu du azken astean herrian jazotako eraso sexistak salatzeko. Gizon batek udalerriko hainbat neska gazteri jarraitzen, jazartzen eta lekuz kanpoko iruzkinak egiten aritu da iragan astean, eta udaleko talde politiko guztiek bat egin dute gertaera horiek arbuiatzeko.

Adiek, EH Bilduk eta EAJk adierazpen instituzional bateratua plazaratu dute erasoa salatuz. Hiru talde politikoen iritziz, gertaera hauek ezin dira egoera isolatu bat bezala ulertu: "Patriarkatuaren DNAn dagoen egiturazko indarkeria mota da, eta sistemaren funtzionamendurako ezinbesteko tresna da. Izan ere, indarkeria matxista baliabide indartsua da emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanei eusteko". Azpimarratu dutenez, herritar orok du indarkeria mota honen aurka egiteko ardura.

Gauzak horrela, Orozkon ordezkaritza politikoa duten taldeek uste dute "egungo antolaketa eta ordena soziala eraldatzea" ezinbestekoa dela eraso sexistekin amaitu eta "pertsonen arteko harremanen sistema berri bat" eraikitzeko.

Besteak beste, egungo maskulinitate eredu hegemonikoa eraldatzeko beharra azpimarratu dute: "Bere burua kontrolatu ezin duen, nahitaez oldarkorra den, bere sena menderatu ezin duen gizon baten irudia da maskulinitatearen estereotipo hedatuenetako bat. Maskulinitate-estereotipo hori arrisku-faktore bat da: emakumeentzat eta haurrentzat, baina baita beste gizon batzuekiko harremanean; gizonentzat beraientzat ere".

Salaketa irmoa

Testuinguru honetan erakunde publikoen papera eta erantzukizuna azpimarratu nahi izan dute Adiek, EH Bilduk eta EAJk, eta irmoki arbuiatu dituzte azken astean jazotako eraso sexistak. Orozko Udalak eskura dituen baliabide, tekniko, juridiko eta psikologikoak jarriko ditu erasoa jasan duten pertsonen mesedetan.

Halaber, horrelako gertaerak udaletxean bertan edota Ertzaintzan salatzeko deia egin dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide