Hainbat adinetako emakumeek jazarpena salatu dute Orozkon, gizonezko baten eskutik. Neska gazteak dira horietako batzuk, eta eurei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute gaur 11:00etan Laudio BHI institutuan.
Ikasleek manifestuan azpimarratu dutenez, "azken aste hauetan, hainbat gertaera matxista jazo izan dira gure inguruan, Orozkon, Ugaon eta Bilbon, esaterako. Jarrera hauek lotsagarriak eta onartezinak dira, eta salatzeko gaude hemen bilduta gaur. Laudio BHIko ikasle eta irakasleen izenean. Ozen esan nahi dugu ez dugula honelako jarrerarik onartuko, ez hemen ezta beste inon ere. Gora borroka feminista!".
Orozkon ostiral iluntzean mobilizatu ziren herritarrak eta, Zubiaur plaza jendez lepo zegoela, "Orozkon ez inon" ez dituztela eraso matxistak onartuko berretsi zuten. Matxintxu elkarteak Aiaraldea Komunikabideari azaldu zionez, gizonezko batek hainbat emakume jazarri ditu Orozkon, "tonoz kanpoko keinu eta jarrerekin".
Ez da Aiaraldean azken asteetan jazotako gertaera bakarra. Urtarrilean Urduñan 2 eraso matxista salatu ziren, gazteen adin tartean biak ala biak. Hargatik, otsailaren 12an elkarretaratzea egin zuten Foru plazan, indarkeria matxista kasuak salatzeko eta erasoa jasan duten emakumeei babesa helarazteko.