Alaitz Aramendi "bizi osorako espetxe zigor" batera kondenatuta dagoela salatu du Sarek Orozkon

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko mai. 21a, 12:48

Agerraldia egin du Sarek Orozkoko frontoian Alaitz Aramendiren egoera salatzeko. / Aiaraldea.eus

Agerraldia egin du gaur eguerdian Sarek Orozkoko frontoian Alaitz Aramendi euskal presoak bizi duen egoera salatzeko. Orozkoarrari aplikatutako 7/2003 eta 7/2014 salbuespenezko legediak "bizi osorako zigor" direla adierazi dute.

Alaitz Aramendi euskal preso orozkoarrak bizi duen egoera salatzeko agerraldia egin du gaur Sarek Orozkoko frontoian. Bertan izan dira, besteak beste, Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea. “Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera” lelopean 7/2003 eta 7/2014 legeen aplikazioen ondorioz sortutako egoera salatu dute.

Aramendi 7/2003 legearen aplikazioaren ondorioz 40 urteko espetxe zigorra betetzen ari da; eta, 7 /2014 legediaren aplikazioaren ondorioz, ordea, Frantziar Estatuko espetxe urteak ez zaizkio kontabilizatuko

Aramendi 7/2003 legearen aplikazioaren ondorioz, 40 urteko espetxe zigorra betetzen ari da. Kondena "bizi osorako espetxe zigor" bezala deskribatu dute. "Salbuespenekoa den legedia baten barruan epaitu eta zigortu dute Alaitz, espetxealdi amaigabe batera kondenatuz, honek dakartzan kalte psikologiko eta fisikoekin" adierazi du Azkarraga bozeramaileak.

7/2003 legedia ez ezik, 7 /2014 legedia ere aplikatu zaio Alaitz Aramendiri. Ondorioz, Frantziar Estatuko presondegietan igarotako espetxealdia ez zaio kontabilizatuko, eta osorik bete beharko ditu Audientzia Nazionalak ezarritak0 40 urteak. 

"Alaitzek 13 urte bete ditu Frantziako kartzeletan eta Europar Batasunak ezarritako arauen arabera, Europako zigor epaitegi ezberdinetan ezarritako zigorrak baliokideak izan beharko lirateke, hau da, Alaitzek Frantzian betetako zigorra ezingo luke berriro ere Espainian bete" adierazi dute Orozkoko frontoian egindako agerraldian.

Aramendi bezala, beste 50 euskal preso egoera berdinean daudela salatu du Sarek: "Azken urteetan pozgarriak eta esperantzagarriak diren hainbat urrats eta aldaketa ikusten ari bagara ere, oraindik salbuespenezko neurriak ezartzen zaizkie euskal presoei eta horixe da Saretik behin eta berriro salatzen ari garena".

Emakume izateagatik, gainera, Aramendik "espetxe-zigor bikoitza" jasan behar duela nabaremendu dute ere: "Emakume izateagatik, zigorra are gogorragoa da, epai judizialaz gain, espetxe sistema patriarkalaren barruko epai morala eta gizonentzat soilik prestatuta dauden espetxe azpiegiturei aurre egin behar baitie".

Mobilizazioak

Gaia salatzeko, "Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera!" lelopean, hainbat mobilizazio eta ekintza egingo dituela iragarri du Sarek gaurko agerraldian. Aiaraldeko bizilagunei dinamikan parte hartzeko deia luzatu diete gaurko agerraldian.

14 urte espetxean

2007an atxilotu zuten Aramendi, eta 2013an epaitu zuen Pariseko Auzitegiak. “Erakunde terroristako” kide izatea egotzi zioten. Renneseko espetxean igaro zuen orozkoarrak frantziako espetxealdiko azken urtea. Aurretik Roanne, Bapaume edo Fresenesen ere egon da, Orozkotik 800 kilometrotara, bataz beste.

2021eko urtarrilean, Frantziar Estatuko kondena osorik bete ostean, Espainiar Estatura eraman zute Aramendi. Entzutegi Nazionalak 2017an ezarri zion 535 urteko zigorra, 2005ean Madrileko San Blas auzoan lehergailu bat jarri izana egotzita, horrenbestez 40 urteko zigorrari egiten ari dio aurre.

Azken urtea Avilako espetxean eman du preso, Orozkotik 400 kilometrotara. Espetxe Erakundeek irailaren 29an iragarri zuten Aramendiren gerturaketa, beste 8 euskal preso politikorekin batera. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide