Jaietako pregoilariak izateko gonbita jaso duzue aurten. Nola hartu duzue proposamena?
Antolinzaleak jai-batzordearen bileretan erabakitzen da nor izango den pregoilari urte bakoitzean.
2017an Agate Deuna Abesbatzak 25 urte betetzen zituenez, pregoilari izateko aukera planteatu zen, baina urte horretan Jose Arrueren hiletaren 40. urteurrena ospatzen zenez, erabaki zen bera izendatzea pregoilari Blas de Oterorekin batera. Aurten abesbatzak 30 urte bete dituenez, aukera horretaz baliatu eta berriro planteatu zen abesbatzaren izena eta guk oso gustura hartu dugu lekukoa.
“Ibilbide luze honetan musikalki asko hazi gara, baina batez ere gure lorpen handienetako bat hain pertsona desberdinak izanik hain talde sendoa lortzea izan da”
Nolakoa izan da 30 urte hauetako ibilbidea? Asko aldatu da abesbatza?
Asko aldatu da, bai! Hasierako abesbatza hartatik 4-5 pertsonak bakarrik jarraitzen dugu gaur egun. Kopuru aldetik hasieran pertsona gehiago ginen, batez ere emakumeak eta gehienak Orozkoarrak ginen. Musikalki ez genuen ezagutza handirik, ez solfeoaz, ez ahots teknikaz. Gaur egun 25-27 kide gara, gutxi gorabehera erdia emakumeak eta erdia gizonezkoak. Orozkokoak batez ere, baina Laudioko, Urduñako, Amurrioko… jendea ere badago.
Pandemia egoerak zailtasun ugari ekarri ditu, besteak beste, sektore kulturalera. Zuek ere igarri duzue? Nola? Nola egin diozue aurre?
Gogorra izan da, bai. Guk ez dugu entseatzeko aukerarik izan, debekatuta geneukan. 2021eko irailean ekin genion berriro entseatzeari baina musukoarekin eta gure artean distantziak mantenduz, horrela agintzen zuen abesbatzen protokoloak. Zaila izan da horrela abestea, baina moldatu gara, gogotsu geunden bueltatzeko eta.
Nola ari zarete ospatzen abesbatzaren 30. urteurrena?
Bada normala den bezala, abesten ospatzen ditugu momentu bereziak eta aurten gospel kontzertu bat eskaini genuen sanjuanetan. Orain jaietan dugu burua, eta horren ostean, agian, txangoren bat egingo dugu.
Bi urteren ondoren, sanantolin bereziak izango dira aurtengoak. Nola biziko dituzue zuek?
Imagina, gainera pregoilari izanda! Uste dut gutariko asko ez garela etxetik asko pasatuko aurtengo jaietan! Beti ezagutu ditugun sanantolinen tankerakoak izatea espero dugu, parte-hartzaileak, jendetsuak, alaiak eta musikaz beterikoak.
Zer mezu helaraziko duzue pregoian?
Oraindik ez dugu pregoia idatzi, kide guztien ideiak bildu nahi ditugu. Bi urte gogor hauen ostean herritarrei esango diegu asko disfrutatu dezatela familiarekin, lagunekin, auzokideekin… baina beti besteenganako errespetuz.
Etorkizunari begira, nola ikusten duzue abesbatza?
Ibilbide luze honetan musikalki asko hazi gara, baina, batez ere, gure lorpen handienetako bat hain pertsona desberdinak izanik hain talde sendoa lortzea izan da. Gainera errepertorio zabala dugu eta oso estilo desberdinak jorratzen ditugu, asko gustatzen zaigu berritzaileak izatea eta gogotsu hartzen ditugu erronka berriak.
Asko disfrutatzen dugu kantatzen eta horrek batu egiten gaitu, beste gauza guztiak aldera utzita. Horrela jarraituz gero etorkizun polita ikusten diogu abesbatzari, kide batzuk joan eta beste batzuk etorriko dira, baina Agate Deuna Abesbatzak bizirik jarraituko du.