Suziriarekin batera piztu dira Orozkoko jaiak. Agate Deuna abesbatzak izan du pregoia irakurtzeko ohorea, 30. urtemuga ospatu baitute aurten. Hala, udaletxeko balkoira igo dira taldekide guztiak, eta 'Lau teilatu' kanta abestu diete herritarrei hitza hartu aurretik. Ostean, esker mezua zabaldu dute: "Oso emozionauta gagoz eta ohore handia da Agate Deuna abesbatzarentzako aurtengo pregoilari izatea". Adiskidetasuna goraipatu dute, "ia 10 hilabetez astero birritan elkartuten gara gure pasioaz gozatzeko: musika, kantua, beste dana alde batera utziz, eta horrek asko batuten dau, terapia da", aitortu dute. Ildo beretik, herritar orori luzatu diete euren eragilera batzeko deialdia, "gonbidatuta zagozie gure familiaren parte izatera, ongietorriak izango zarie".
"San Antolin zoriontsuak opa dautzueguz, parte hartu, gozatu, disfrutatu eta bizi hain desiatuak diren jai hauek", adierazi dute Agate Deuna abesbatzako kideek balkoitik
Dena den, eskaera argia zabaldu dute: "San Antolin zoriontsuak opa dautzueguz, parte hartu, gozatu, disfrutatu eta bizi hain desiatuak diren jai hauek. Baina ez ahaztu: errespetatu, jarrera bortitzak baztertu eta salatu, eta norbaitek laguntza behar baldin badu, lagundu. Oso ondo pasa eta asko kantatu!".
Txupina lehertu ostean, buruhandiak eta txistulariak atera dira kaleetan barrena. Frontoian, berriz, Olgetan elkarteak antolatutako pala partidak egon dira, eta iluntzean sardina jana egingo dute Supelaur elkartearen eskutik. Gaua girotzeaz, aldiz, Akerbeltz eta The Van taldeak arduratuko dira.
Aiaraldea Komunikabideak zuzenean emititu du txupinazoa.