Gotzon Martin txirrindularia Australiara joango da Munduko Txapelketan lehiatzera

Aitor Aspuru Saez 2022ko ira. 14a, 14:26

Gotzon Martin, artxibo irudi batean. / @FundaCiclisEusk

Txirrindulariak istripu larria izan zuen maiatzean, baina lehiaketara itzuli zen Espainiako Vueltan. Australiako Munduko Txapelketan aritzeko hautatua izan dela jakinarazi du bere taldeak, Euskadi Fundazioak.

Gotzon Martin txirrindulari orozkoarrak amaiera ona emango dio urte gorabeheratsuari. Izan ere, maiatzean istripu oso larria izan zuen eta, hala ere, lortu du Australiako Munduko Txapelketan parte hartzea.

Berez, Euskadi Fundazioak atzo jakinarazi zuen Espainiako hautatzaileak aukeratu duela Orozkoko kirolaria Wollongong hirian lehiatuko den txapelketan egoteko. Proba igandean hasiko da eta puntako hainbat profesional egongo dira hitzorduan, Mathieu Van der Poel, besteak beste.

"Espainiako Vueltan 21 egunez lehiatu ostean, uste dut sasoi onean helduko naizela Munduko Txapelketara", argitu du Martinek

Gotzon Martinek pozik hartu du berria: "Hau ez da egunero agertzen den aukera eta esperientzia gozatzera joango naiz". Halaber, Martinek azaldu du taldeak eskatzen diona egingo duela. 

Espainiako Vueltaren ondoren, sasoian

Orozkoko kirolariak aitortu dio Aiaraldea Komunikabideari ez zela egoera onenean heldu Espainiako Vueltara, uztailean igo baitzen berriro bizikletara: "Lesioaren ondorioz, asko kostata itzuli nintzen entrenatzera eta ez nuen tartea izan lasterketa nik nahi nuen moduan prestatzeko".

Dena den, bere parte hartzea proba horretan onuragarria izan da: "21 egunez lehian aritu ostean, uste dut sasoi onean helduko naizela Munduko Txapelketara eta espero dut partaidetza polita izatea".

Hori dela medio, txirrindulariak gogo askorekin egingo dio aurre erronkari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide