Azkenean lortu du. Europako zilarrezko Kick Boxing diziplinako domina eskuratu ostean 2019an eta munduko bigarren sailkatu eta gero 2018an, gaur Europako onena izatea lortu du Izaro Blancok Duvba hirian, Montenegron.
Laudion entrenatzen du orozkoarrak eta bere taldekideei mezua bidali die jasotako babesagatik: "Mila esker guztioi, Europako txapelketa Hajimerentzat". Iker Blancok, bere anaiak, Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dio oso pozik dagoela bere arreba: "Orain goian dago".
Finalari dagokionez, Izarok aurkari greziarra izan du arratsaldean WAKO txapelketaren 4. tatamian eta arazo barik gainditu du. Atzo Turkiako borrokalaria menperatu zuen eta aurretik italiarra izan zen galdu zuena orozkoarraren kontra.
Kick Boxing kategorian eskuratu du urrezko domina Aiaraldeko kirolariak eta arrakasta horrekin baztertu dezake Kick Light txapelketak utzitako zapore garratza. Izan ere, lehenengo kanporaketan bota zuten. Berez, gaztea nabarmen nagusitu zen eta 26 puntuko aldea izan zuen bere aurkariari zegokienez. Hala ere, Blancok berak aitortu zuen intentsitate gehiegi jarri ziola borrokari: "Hainbat aldiz bultzatu eta belaunarekin jo nuen. Horrenbestez, epaileek zigortu ninduten eta kanpoan geratu nintzen".