Izaro Blanco orozkoarrak jarraitzen du bere palmaresa handitzen. Iaz Europako Kickboxing txapelduna izan ostean Montenegron, maiatzaren 11n Istanbulera jo zuen Turkiako Munduko Txapelketan parte hartzeko. Blancok azpimarratu du WAKO zirkuituko hitzordu garrantzitsuena dela hori, Irish Openarekin batera: "10 ring, 11 tatami eta 4.000 izen emate baino gehiago egon dira".
Orozkoarrak bost borroka izan ditu guztira eta bere aurkariak turkiarrak izan dira norgehiagoka guztietan. Azkenean, bi domina eskuratu ditu, urrezkoa Light Contact diziplinan eta zilarrezkoa Kick Light-en. Gazteak eskertu nahi izan du Iker Blancoren, bere anaiaren, laguntza. "69 kilotik azpiko kategorian lehiatu zen, baina bere benetako eginkizuna zen ni entrenatzea, hautatzailearekin batera", azaldu du kirolariak.
Esan bezala, orozkoarrak lorpen ugari izan ditu azken urteotan, nahiz eta oso gaztea izan, eta nazioarteko hainbat txapelketetan aritu da jadanik.