Hezte Klasikoko Federazio Kopako finala lehiatu zen urriaren 29an Logroñoko Los Olivares zaldi-zentroan eta Arrietta Ruiz Goiri izan zen irabazlea kimu kategorian.
Orozkoarra ez zen, printzipioz, marka onena zuen amazona, baina garaipena lortzeko aukerak izango zituela zirudien. Izan ere, sailkapeneko bigarren gisa sartu zen finalean. Berez, emaitza nahiko estua izan zen. Eskualdeko kirolariak 72,157 puntu eskuratu zituen eta Triana Vargas Angulo errioxarrak 71,176 lortu zituen. Hirugarren sailkatuak, aldiz, 70,245 puntuko marka egin zuen.
Txapelketa berria
Hezte Klasikoko Federazio Kopa aurten sortu dute Euskadiko, Nafarroako, Errioxako, Aragoiko eta Kantabriako federazioek.
Martxotik abuztura bitartean lau proba jokatu ziren eta horietako bitan parte hartu behar zuten amazonek gutxienez, finalera heltzeko. Horretarako, lehiakideen batazbestekoak neurtu eta zazpi sailkatu onenek lortzen zuten finalista izatea.
Norbanakoen saria ez ezik, taldekakoa ere banatu dute eta Arrietta Ruiz Goiri garailea izan da horretan ere, onena izan baita Euskadiko kirolarien batazbestekoan.
Bi lorpen horiei gehitu behar zaie irailean Espainiako Txapelketako zilarrezko domina eskuratu zuela Ruiz Goirik.