Zazpi eguneko greba abiatu dute gaur Madres Mercedariaseko langileek. Modu horretan, Orozkoko Ibarra auzoan dagoen aniztasun funtzionaleko zentroko langileek jarraipena emango diote otsailean abiatutako borrokaldiari. Ez dute inolako bilakaerarik izan negoziazioetan eta, beraz, aldarri berdinak mantendu dituzte beharginek: zentroa irekita mantentzea eta lan baldintzak hobetzea.
“2019an, Madres Mercedariasek, Fundacion Aliados enpresa putrea erabiliz, soldatak izoztu zizkien eta urteko lanaldia handitu zien langileei”. Hala azaldu du LABek prentsa ohar baten bidez, “lan-baldintzak defendatzeko borroka hasi zuten langileek eta gaur arte, 28 greba egun eta mobilizazio anitz egin dituzte”.
Sindikatuaren aburuz, Bizkaiko Foru Aldundia da beharginek bizi duten “prekarietate egoeraren” erantzule nagusia. Nabarmendu dutenez, langileek 900-1.100 euro arteko soldatak jasotzen dituzte. Gainera, Madres Mercedarias kongregazioak jakinarazi die zentroa itxiko dutela, baldin eta inork ez baldin badu erosten. “Bizkaiko Aldundiak erabakia badakiela ere jakinarazi die langileei”, ziurtatu du LABek.
EDE fundazioa jarri dute orain bitartekaritza lanak egiten, baina horrekin ere ez daude pozik beharginak: “EDE-ren kudeaketa, orain arte, Kongregazioa langileekin edozein negoziaziotatik aldentzea izan da, eta langileei jakinaraztea hobe dela ‘zaratarik ez ateratzea’; hau da, langileak beldurtzen saiatzea euren eskubideen alde borrokatu ez dezaten”.
Gauzak hala, egoera “oso larria” dela ohartarazi dute langileen ordezkariek, eta azpimarratu dute egoitzako 73 erabiltzaileen etorkizuna ere dagoela jokoan. “Emakume horientzat egoitza-zentro hori beren etxea da. Bizkaiko Aldundia da, orain inoiz baino gehiago, gatazka honen erantzule zuzena”.
Mobilizazio egutegia
Bilbon hasi dute astebeteko mobilizazio ziklo berria, elkarretatzea egin baitute 10:30ean Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Bihar ere bertan egongo dira.
Martxoaren 9an, aldiz, Laudioko Aldai plazan mobilizatuko dira 11:30ean, merkatu eguna dela probestuta. Ostiralean berriz joango dira Bilbora, mobilizazioa egiteko Aldunditik Ugaskora, 10:30ean abiatuta. Larunbatean Ibarrako elkarretaratzea egitera mugatuko dira, baina 12:00etan hasiko dute. Igandean, aldiz, Orozkoko Zubiaur plazan egingo dute protesta, 13:00etan. Horrez gain, ordubeteko elkarretaratzea egingo dute egunero Ibarrako egoitzaren aurrean, 14:30etik 15:30era.
Baina ekimenik deigarriena martxoaren 8an egingo dute, Aiaraldeko Mugimendu Feministarekin elkarlanean. Kotxe karabana abiatuko dute Urduñatik 12:00etan, eta eskualde osoa zeharkatuko dute, 14:00etarako Ibarran egoteko.
DENON
— Aiaraldeko Mugimendu Feminista (@AiaraldekoMF) February 27, 2023
BIZITZAK
ERDIGUNEAN
Martxoaren 8an Aiaraldea astintzera goaz! Zaintza eskubidearen alde mobilizatu gaitezen!
Zaintza sistema publiko komunitario feministaren bidean, batu borrokara! pic.twitter.com/8nNHuv9OXu
Argazkiak: Samuel Pasandin Sanchez eta Madres Mercedariaseko langileak